Igorrek edadekoen alde egindako lana aurkeztuko dau Toronton

Beatriz Azpiri 2018-07-23 08:34   Kulturea

Euskal Herrian 56 proiektu dagoz martxan; tartean, Bizi Igorre.

Zaharren bizi kalidadea hobetuteko, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) Uri Lagunkoiak proiektua ipini eban matxan 2005ean. Harrezkeroztik, asko dira proiektuari lotu jakozanak: mundu zabalean 600 uri, herri edo-eta komunidade, hain zuzen be eta Euskal Herrian 56 proiektu dagoz martxan; tartean, Bizi Igorre.

2016an, Igorreko jubiladuek eta Udalak, Maraka, kooperatibearen laguntza teknikoagaz, edadekoak herrian hobeto biziteko proiektuari ekin eutsien. Gaur, Bizi Igorre eredu bihurtu da, Bizkaiko beste herri txikien erreferente. Nazinoarteko mailan be atentzinoa emon dau, eta abuztuaren 7tik 10era Toronton (Kanada) izango dan Zahartzearen gaineko XIV. Mundu Mailako Biltzarrean egongo dira igorreztarrak zelan egin daben herria edadekoentzat adeitsuago azaltzen. 

Abuztuaren 8an, Torontoko Ryerson unibersidadean da hitzordua. Itsaso Bengoetxea medikuak, eta proiektua abiatu zanean Igorren zinegotzia zanak, Bizi Igorre (edadekoagaz lagunkoi proiektua landa eremuan): Alkarlana, herri txiki baten alde onak berbaldian, aurkeztuko dau herrian egindakoa. Igorreko jubiladu batzuk be Torontoraino joateko asmoa agertu dabe eta eurekaz, Beatriz Azpiri Begitu-ko kazetaria izango da han gertatuten dana Bizkaie!-ko sail honetan kontetako.

 

Zahartzearen gaineko XIV. Mundu Mailako Biltzarra

IFAk (International Federation on Ageing) urte birik behin antolatuten dau mundu mailako kongresu bat. Aurten hamalaugarrena da. Zahartze osasuntsuaren inguruan hamarkada bat betetzear- lekukotasunetik ekintzara titulupean; lau ardatz ditu Biltzarrak: Zahartze osasuntsua helburu, Edadismoaren kontrako burrukea, Inguru lagunkoiak eta Desbardintasunai heltzen.

Adituek berbaldiak eta mahai-inguruak egingo ditue eta beste modu batzuetako aurkezpenak be egongo dira. Igorrekoa, 15 minutuko berbalditxoa izango da, Concurrent sessions edo aldibereko saioetako bat, hain zuzen be. Aldi bereko saioetan, gaika bananduta, gai zehatz baten mundu mailako 5 lekutako esperientziak azalduko dira. Igorreko esperientziaz ganera, Taiwaneko bi, Kanadako bat eta Txinako beste baten barri jakiteko aukerea egongo da saio honetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu