21 erakundek osotuko dabe Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Ohorezko Patronatua
2018-07-20 13:57 KultureaGaur egin da Ohorezko Patronatua eratzeko ekitaldi nagusia, Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko egoitzan.
Euskaltzaindia sortzeko prozesua 1918ko urtarrilean jarri eben abian, Ramón de la Sotaren taldeko Koxme Elgezabal eta Felix Landaburu Bizkaiko Aldundiaren ahaldun abertzaleek proposamena aurkeztu ebenean Aldundiaren Osoko bilkuran. Proposamena 1918ko urtarrilaren 25ean eginiko bilkuran onartu eben eta data esanguratsu horren gomutan egin da gaurko ekitaldia.
Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Ohorezko Patronatua eratu da gaur, Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko egoitza nagusian. Bertan batu dira Patronatua osotuko daben hogeita bat erakundeak, tartean, Ipar eta Hego Euskal Herriko erakunde nagusiak.
Garagarrileko Osoko bilkurea erabili dau Akademiak Ohorezko Patronatuaren eraketea egiteko, eta Galiziako Errege Akademia, Ikerketa Katalanen Institutua (Institut d'Estudis Catalans) eta Espainiako Errege Akademiako ordezkariak gonbidadu ditu Jauregiko Batzarraldi Aretora. Osoko bilkurea amaitu ostean egin da ekitaldi nagusia eta berba egin dabe Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrakazko eta Erakundeakazko Harremanetako kontseilariak, Beñat Arrabit Euskararen Alkargoko lehendakariordeak, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Euskerea eta euskal kulturearen mesedetan
Gaur berresten dogu orain ehun urte lau Foru Aldundiek euskal gizarte zibilaren izenean emon euskuen zeregina, eta harago eroaten dogu konpromisoa, ordurik hona Euskal Herrian izandako errealidade barriei autortzea eginez eta euskal gizarteko eragileei gure alkarlana eskainiz, euskerea eta euskal kulturearen mesedetan, adierazo dau gaur Andres Urrutiak agintari eta gizarte eragileen aurrean. Euskaltzainburuak Akademiaren hasierako pausuak gogoratu nahi izan ditu, azpimarratuz, ordutik eten barik lanean jardun dauela erakundeak, garai gozo zein latzetan.
Gogoratu dau Euskaltzaindiak zin-zinezko komunidade zientifiko, akademiko eta soziala ondu eta mamitu dauela urteotan, bestelako errealidade batzuk aurrera eroanez eta finkatuz, egun euskal kulturearen ezinbesteko erreferentzia diranak: euskerearen estandar linguistikoa formuletea, ikastolen mobimentua, euskalduntze eta alfabetatze kanpainak eta euskaltegiak, edo bertsolaritzea, literatura sorkuntzea edo itzulpengintzea.
Urrutiak autortu dau Akademiak baikortasunez begiratzen deutsola etorkizunari, eta esan dau Euskaltzaindiaren zerbitzu gogoa ez dala amatau, euskerea aurrera eroateko erakundearen nahiak indartsu jarraitzen dauela eta ohartarazo dau zeregin hori euskerearen eremuan lan egiten daben danakaz batera gauzatu behar dauela, ondorengo urteetan be Euskaltzaindia erreferentea izan daiten euskerearen munduan, modu edegian lan eginez, danok baikara Euskaltzaindia.
1918: Landaburu eta Elgezabalen proposamena
Gaurko Osoko bilkura Bizkaiko Foru Aldundian egiteak badauka esangurarik, izan be, Euskaltzaindia sortzeko prozesua 1918ko urtarrilean abiatu zan, zehatz-mehatz urtarrilaren 12an, Ramon de la Sotaren taldeko Koxme Elgezabal eta Felix Landaburu Bizkaiko Aldundiaren ahaldun abertzaleek Euskerearen Akademia -izen hor jarri eutsien hasieran- bat sortzeko proposamena aurkeztu ebenean, Aldundiaren Osoko bilkuran eztabaidatua izateko; proposamena euskeraz aurkeztu eta bertan argi azaldu eben euskerearen etorkizunerako behar-beharrezkoa zala erakunde bat sortzea.
Lenen-lenen ba, bidia atondu beaŕ, beragandik ondo ibilteko ta bera zuzen erabilteko. Biaŕ-añeko notiñen Bazkun bat, aldiak batak bestiakin azteŕtu ta aldan ondoen erabagiteko; utsunak bete; itzen ikuŕpena eta esanguria tinkotu-idazkera bat jaŕi; izkelgiak bata be ezetsi barik eta alkaŕe geitu ta aberastuta baino, orobatu; idaztiyak batu, eta azkenez, izkera gaŕbi, makezbako jakintz-lanetarako egoki ta erabilkoŕa, eusko-eŕien gaigaŕia, emon dagizkun. Horrexek izan ziran Euskaltzaindia sortzeko mahai gainean jarritako lehenengo arrazoiak, eta hortik Oñatiko biltzarrera egin zan salto, eta gero etorri zan aldundi desbardinen autortzea, lehen euskaltzainen izendapena, araudia onartzea...
Ohorezko Patronatua osotzen daben erakundeen zerrendea:
Eusko Legebiltzarra.
Eusko Jaurlaritzea.
Nafarroako Parlamentua.
Nafarroako Gobernua.
Euskal Hirigune Elkargoa.
Espainiako Gobernua.
Arabako Foru Aldundia.
Bizkaiko Foru Aldundia.
Gipuzkoako Foru Aldundia.
Euskadiko Udalen Elkartea (Eudel)
Nafarroako Udal Kontzejuen Federazioa (NUKF)
Baionako Herriko Etxea.
Bilboko Udala.
Donibane Garaziko Herriko Etxea.
Donostiako Udala.
Gasteizko Udala.
Iruñeko Udala.
Mauleko Herriko Etxea.
Galiziako Errege Akademia.
Ikerketa Katalanen Institutua (Institut d'Estudis Catalans).
Espainiako Errege Akademia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!