'Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak'

Bizkaie! 2018-07-20 13:55   Kulturea

Aurten itsasora jaurtiko dan teilea Juanjo Bereciartua artista bermeotarrak pintau dau.

Idurre Bideguren eta Aingeru Astui. Argazkia: Bermeoko Udala. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek azaldu dauenez, Izaro protagonistea dauen jai honetan herrikoak zein kanpotik datozenak gure tradizinoagaz eta jaiagaz disfrutetako aukerea izango dabe. Aurten itsasora jaurtiko dan teilea berezia izango da, izan be, Juanjo Bereciartua artista bermeotarrak pintautako teila ederra izango da.

Bidegurenek Madalen jaiak aurkeztu ditu Aingeru Astui Kultura zinegotziagaz, batera. Bermeoko alkateak adierazo dauenez, aurten be, hilaren 22an, Bermeoko Udalak, antxinatik egiten dauenez, Izaro ugartearen ipar-ekialderantz dagozan mugak adierazoko ditu. Horretarako, betiko moduan, alkateak teilea botako dau honakoa esanez: Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak.

Aurten teila berezia izango da, Juanjo Bereciartua bermeotarrak pintautako teilea izango baita itsasora jaurtiko dana. Bereciartuak Bermeoko herriari egun horretan itsasora jaurtiteko dohaintzan emon deutso teila hori. Bidegurenek azaldu dauenez, Juanjo Bereciartuak teiletan irudi desbardinak pintetan ditu: eskuak, paisajeak... baina, Madalen egunerako, teila honetan Bermeoko Izaro islea pintau dau, Izarok bermeotarrontzat dauen garrantziagaitik, batez be Madalenatan; izan be, Bermeo Izaroraino heltzen dala berresten dau urtero. Alkateak eskerrak emon deutsoz Bereciartuari Madalen egunerako pintautako teila ederragaitik.

Bermeoko Udalak zortzigarren urtez Madalen Egunean herritarrak eurekaz itsasontzian Izarora eta Elantxobera joateko plazak zozkatu ditu herritarren artean. Era berean, egun horretan Mundaka eta Elantxobeko ordezkariak eta erakundeetako ordezkariak gonbidadu ditu Udalak, jai hau alkarregaz ospatzeko.


Madalen bezperea

Madalen bezperan Baztarre kaleko jaiak ospatuko dira. Jaiak goizeko 10:30ean hasiko dira txokolatada eta umeen olgetakaz. Umeek goiz guztian zehar (11:30-13:30) gozetako aukera izango dabe Baztarren, besteak beste, El Tenderete taldearen txotxongiloakaz eta ipuin kontalariagaz.

14:00etan, marmitxe jateko aukerea egongo da. Arratsaldean, 18:30etik aurrera Kankinkabara txistu taldearen kalejireak giroa alaituko dau, eta 19:30ean, Bermeotarren fanfarrearen 40. urteurrena ospatzeko jantzaldi berezia egongo da Baztarren.

21:00etan Kubatik datorren Jade bikoteagasz disfrutetako aukerea izango dabe Baztarrera hurreratzen diranek eta jaiak aurrera jarraituko dau gaueko 22:00etan, Garrafoie, Mamushka, Rukula eta Urgatz taldeen kontzertuakaz Jaiok Baztarreko jai batzordeak antolatzen ditu Bermeoko Udalaren laguntzinoagaz.

Horrezaz gan, Haitz Nagusije Auzo Alkarteak antolatutako XII. Madalen bezperako bazkaria izango da Bermeoko Kafe Antzokian. Parte hartu nahi dabenentzako izena emotea Lezamiz botikan izango da. Kanta Kanta Lorue ekimenaren bidez, lagun artean, Goiko plazatik Torronterora kantuan egongo dira herriko kaleak alaituz arratsaldeko 20:00etatik aurrera.


Madalen Eguna (Garagarrilak 22)

Madalen egunari jagokonez, goizean kalejirea egongo da Kankinkabara txistu taldeagaz. 11:50ean Udalbatza Goiko plazan batuko da eta, Alkate soinua entzun ostean, porturantz abiatuko da Kankinkabara txistu taldeagaz kalejiran. Txistulariek Madalen zortzikoa joko dabe. Udalbatzak itsasontzietaraino ibilaldia egingo dau honako lekuetatik: Etxebarria Tar Kresentzi, San Migeleko eskilarak, Lamera eta Portuzaharra.

Eguerdiko 12:00etan, itsas-jaia hasiko da. Ontziratze eta lehorreratzea izotz fabrikearen parean izango da. Ondoren, Bermeoko Udalak herriko banderearen eta ikurrinearen jasoerea egingo dau Izaro ugartean eta alkateak, ohikoa dan legez, teilea jaurtiko dau Bermeoren mugak berretsiz.

Eguerdiko 13:30ak inguruan, Elantxobera heldu eta ohorezko aurreskua egingo da, herriko plazan, Alkartasuna jantza taldearen eskutik. 18:00etan, Elantxobetik urtengo da, Mundakara joateko eta arratsaldeko 19:30ak inguru helduko dira Bermeora. Portutik Udalbatza, txistulariak lehenengo eta ondoren Bermeotarrak Fanfarreak lagunduta, Goiko Plazaraino abiatuko da. Bermeoko banderea eta ikurrinea altzau eta gero, aurreskuak eta zabaletakoak egingo dira. Ondoren, Bermeotarragaz Fanfarreagaz beherakadea San Migeleko eskailerataraino. Portuan giro itzela izango da Portuko Sorgine Alkarteak musikaz girotuko dauelako gaueko 12:00ak arte.

Madalen jaietan guztiok ondo pasetako aukerea izango dogula nabarmendu dau alkateak: Edade guztietako bermeotarrok eta kanpotik datozenak jaiagaz eta tradizinoagaz gozetako aukerea izango dogu, eta pertsona guztiak errespetuagaz jaian parte hartu eta edertasun parebakoa dauen gure ingurua bisitau deielea gonbidadu nahi ditut, azpimarratu dau.

Danon seguridadea bermatzeko, Bermeoko Udalak, Madalen Egunean, garagarrilaren 22an, itsas jaian parte hartuko daben itsasontziei indarrean dagoan araudiak jasoten dituan segurtasun neurriak beteteko eskatu deutse.

Bermeoko Udalak gogoratu dauenez, araudiak honako neurriak jasoten ditu: itsas jaian ezin izango dabe parte hartu lau metroko luzerea baino gitxiagoko itsasontziek, belaz nabegetan dabizan itsasontziek, arraunez mobiduten diran itsasontzi edo tresnek (piraguak, kayak, paddle surf taulak...), ezta beste era bateko ur gaineko tresnek be.

Horrezaz gan, itsasontzietako aforoa errespetau behar da. Izaro inguruan, alkateak teila botaten dauen momentuan, itsasontziei euren arteko distantziak errespetetako eskatu deutse.

Gogoratu dabenez, itsasontziek seguruak eguneratua, dokumentazinoa behar bezela eta salbamendu eta segurtasun baliabideak eguneratuta izan behar ditue. Itsas zirkulazino eta segurtasun arautegia be bete behar dabe.

Era berean, araudiak ezartzen dauenez, kaian atraketako eta urteteko maniobrak geldiro-geldiro egingo dira, hurreko itsasontzien aldibereko maniobrak ebitauta. “Bidaian, ontzian edo beste ontzi batean dagozan pertsonen segurtasuna arriskuan jarriko dauen maniobrarik ez da egingo. Segurtasun koordinatzaileak itsasontziei abisuak emoteko 14. Kanala erabiliko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu