Zenbat-gura blues Getxon
2018-07-20 08:15 MusikeaGaragarrilaren 19tik 22ra Blues doinuak izango dira nagusi Getxon 30. Nazinoarteko Blues Jaialdiaren eskutik.
Getxon 30. Nazinoarteko Blues Jaialdiak giro ederra ekarriko dau herrira. Aurten, Coco Montoya, Bette Smith, The Excitements eta The Blues Morning Singers izango dira saio nagusien protagonistak. Kontzertuak Algortako Biotz Alai Abesbatza plazan izango dira; eguenean, 20:00etatik aurrera eta ganerakoak, 21:00etan. Aurtengo egitarauan, aitatu saio horreez gan, dobako lau kontzertu eta kaleko desfileak hartuko ditu jaialdiak.
Aurtengo kontzertu nagusiak saio bikotx bategaz abiatuko dira, eta egungo estadu-eszenako talde bi izango dira protagonista: Bartzelonako The Excitements taldea, rhythm & soul indartsu eta itsaskorra dakarren taldea; Koko Jean Davis abeslaria buru dauen taldea Memphis, Detroit eta Chicago aldean kokatu izan da eta 50eko hamarkadako azken aldiko R&B bizia nahasten dau 60ko hamarkadako Stax soinuagaz. Bandearen zuzenekoetan R&B estiloko bersino indartsuak txandakatzen ditue euren kantuakaz.
Kataluniarren ostean, The Blues Morning Singers Bilboko laukote elektroakustikoaren txandea izango da. Blues taldea da, aldaera eta estilo guztietan. Taldeak iges egiten dau ohiko errepertorioetatik eta, era berean, estereotipoetatik aldentzen da, musika afroamerikarrean sakon errotutako konposizinoak eskainiz. Taldearen errepertorioak, besteak beste, ondokoak hartzen ditu: Deltako blues soinu umela, 50eko hamarkadako Chicagoko blues zorrotz elektrikoa eta AEBetako Mendebaldeko Kostako zein New Orleanseko jump blues jantzaldiak.
Biharamunean, barikuan, Bette Smith abeslari amerikarraren txandea izango da, blues urratzaile eta soul sutsuen erakuslea, hain zuzen be. Brooklyngo artistea blues panoramearen errebelazinoetako bat izan zan igaz Jetlagger diskoari esker, neo-bluesaren erakusgai, izan be, bere ahots sutsua gorenera heltzen da, eta Betty Davis edo Tina Turner emoten dau kantu batzuetan eta funky txundigarria beste batzuetan blaxploitation estiloko soinuagaz, betibe soul kutsuetatik urrundu barik.
Azkenik, Coco Montoya (1951, Santa Monica) gitarra-jotzaile kaliforniarrak zarratuko ditu Getxo&Bluesaren saio nagusiak. Albert Collins handiagaz hasi eban ibilbide profesionala. Bateria-jotzaile ibili zan lehenengo, baina handik gitxira gitarrearengaitik aldatu zituan baketak. Entsegu-kontzertuetan ibili ostean, bere aukera handia heldu zan: John Mayallek kontratau eban Bluescasters taldeagaz behin-behinean egiteko birea; holan, haren ospea artista ezagunen mailara joan zan, besteak beste, Eric Clapton, Peter Green eta Mick Taylor musikarienera. Ondoren, 90ko hamarkadan, bakarka segidutea erabagi eban, eta esfortzuaren
emoitzak ikusi ziran berehala; diskoak etorri ziran, berbarako Gotta Mind To Travel, Ya Think I’d Know Better eta Just Let Go eta Suspicion.
Bestelako saioak
Jaialdiko egitaraua biribiltzeko, dobako kontzertuak eskainiko ditue Barney's Band eta Maraya taldeek, hilaren 20an eta 21ean Algortako The Piper's Irish Pubeko saioetan. Era berean, Granujas a Todo Ritmo Street Band taldeak kaleko giroa alaituko dau. Azkenik, hilaren 21ean eta 22an, jaialdiak lehenengo aldiz hartuko ditu goizeko kontzertuak. Stereosonik bertoko alkarteak antolatuta, The Big Flyers eta Still River taldeak Kirol Portuko ostalaritza terrazetan ibiliko dira 13:00ean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!