2019ko Euskal Eskola Publikoaren Jaia aurkeztu dabe Errenterian
2018-07-19 13:05 KultureaMakina bat taupada da Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaiaren lemea
Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaia aurkeztu dabe Errenteriako Udaleko biltzar aretoan; bertan egon dira Julen Mendoza, Errenteriako alkatea, Garazi Lopez de Etxezarreta, Hezkuntza zinegotzia, Leire Zarra Koldo Mitxelena eskola publikoko zuzendaria, Maialen Oliveri eskola publikoko ama eta Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzailea.
1994tik, Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatzen dabe guraso alkarteok eskola-komunidadeetako ganerako kideakaz batera, eskola publikoa hezkuntza-sistemearen ardatza izan behar dala alkodarrikatzeko asmoz.
Ikastetxe publiko bategaz alkarlanean antolatzen dua EHIGE-k urtero jai hau, oraingo honetan Errenteriako ikastetxe publikoakaz alkarlanean.
Bagileko lehenengo domekan ospatzen da eta, beraz, bagilaren 2an izango da 2019ko hitzordua.
Irudia eta lemea
Makina bat taupada da Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaiaren lemea. Irudia sortzeko, Errenteriko ezaugarri propioak bilatzen hasi ginan eta Errenteriak herri legez historian izan dauen ezaugarri nabarmenena industria izan dala gogoan hartuta, izan be, XX. mende hasieran herriko lantegi eta langile kopuruagaitik Manchester txikia deitzen jakon. Kanpotik familia asko etorri ziran lan bila eta herria goitik behera aldatu zan. Gaur egungo ezaugarri asko horren ondorio zuzena dira.
Industria hori irudikatzeko buztartzea aukeratu dogu, ohiko elementua eta erraz identifiketan dalako. Eskolako komunidadea osotzen dogunok izango ginateke loturea, alkarregaz lanean ibili behar dogunok, batek huts egiten badau makinea ez dabil.
Eta irudi horri lotuta sortu zan leloa: Makina bat taupada. Makinea, alde batetik, asko garelako Euskal Eskola Publikoan gabizenak, eta bestetik, lotura edo buztartze horreek alkartasuna, bizikidetzea eta inklusibidadea irudikatu nahi dabelako, danon artean makina handi bat osotuz.
Eskola Publikoak Errenteria eta Oarsoaldean
Sei ikastetxe publiko dagoz Errenterian eta 2.500 ikasle: Koldo Mitxelena LHI eta BHI, Cristobal Gamón LHI eta BHI, eta Bizarain LHI eta BHI.
Horreezaz gan, beste 6 ikastetxe publiko dagoz Oarsoaldean eta beste 1.850 ikasle: Lezo LHI eta BHI, Oiartzungo Elizalde LHI ta BHI eta Pasaiako Karmengo Ama LHI eta BHI.
EHIGE
Federautako 500 IGE baino gehiagogaz, Euskal Eskola Publikoaren barruan ordezkaritza handiena dauen erakundea da EHIGE. Baikara, BIGE, Denon Eskola, Gipuzkoako Eskola Txikiak eta Ikas-bi federazinoek osotzen dabe.
Euskal hezkuntza sistemearen oinarrizko ardatz egituratzailea izango dan eskola publiko euskalduna, kalidadezkoa, inklusiboa, ekitatiboa, demokratikoa, laikoa, barritzailea eta solidarioa defendiduten dau EHIGEk.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!