Garagarrilaren 20an hasiko da Erriberriko XIX. Antzerki Jaialdia

Bizkaie! 2018-07-17 11:40   Kulturea

Antzerki klasikoan oinarritutako programazinoa garai eta jokera eszeniko  guztietara zabaldu da. Jaialdia Kultura Zuzendaritza Nagusiak eta Baluarte Fundazinoak  antolatu dabe. Aurten, abuztuaren 4ra arte iraungo dau, eta Europako eta Latinoamerikako egileak eta taldeak izango dira bertan.

Erriberriko Antzerki Jaialdiak zuzendari gonbidatu bat izango dau: Alfonso Zurro. Bere azken sorkuntzea, Luces de Bohemia (1924), aurkeztuko dau, Ramón María del Valle Inclán-ena, bai eta bere lanik sarituena be, William Shakespeare-ren Hamlet (1599). Produkzino biak Sevillako Antzerki Klasikoarenak dira.

Nazinoarteko proposamenen artean, Frantziako La Piccola Familiak Arlequin poli par l’amour (1720) ekarriko dau. Obrea frantsesez dago, eta gaztelaniazko azpidatziak izango ditu. Lehen aldiz aurkeztuko dau obra bat Espainian Thomas Jolly zuzendari gazteak, eta Avignongo Jaialditik zuzenean helduko da Erriberrira. Avignonen eskaintzen dagozan Senekaren Tiestes obreak upealako erantzuna dauka nazinoartean; hamar urte baino gitxiagoan, etorkizun ederreko zuzendaria izatetik zuzendari entzutetsu izatera pasau da Jolly. 
Haren ikuskizunak muturrekoak dira, bai formeari jagokonez, bai iraupenari jagokonez be. La Piccola Familia konpainiagaz, arte politikotzat joten dau antzerkia, eta beti saiatzen da historia arakatzen personen eta euren erakundeen barruan dagoana dudan jarteko.

Nazinoarteko konpainiakaz jarraituz, Mexikoko Los Colochos konpainiak Mendoza aurkeztuko dau (obra horrek Almagro Off saria irabazi eban 2014an). Nazinoartean 4 urtez ibili ondoren, Erriberrin zarratuko dau Europako birea, eta hau izango da produkzino horren azken funtzinoa.  Argentinako Índigo Producciones-ek, barriz, La Fiesta de Viejo eszenaratuko dau, Rey Lear-en oinarritua.

Horreez gan, Madrilgo Venezia Teatro konpainiak Tartufo, el impostor (1664) aurkeztuko dau, gaztelaniaz, Pedro Víllora-ren bersinoan, eta hori izango da produkzino horren azken funtzinoa.

Antzerki Klasikoaren Konpainia Nazionalak (CNTC) eta Nao d’amores-ek Comedia Aquilana (1485) aurkeztuko dabe, Ana Zamoraren zuzendaritzapean. Laurentzi Producciones-ek El hermano de Sancho ekarriko dau Erriberrira. La Cavan egingo dan jaialdiko azken ikuskizuna Sara Caleroren Fandango Street jantza flamenkoaren ikuskizuna izango da.

Jaialdiak barriro hartuko ditu Errege Jauregiko hainbat areto eta Erriberriko hainbat gune publiko, ondoko ikuskizunakaz: Bandada de amores en rock y versos olerki-kontzertu eta - errezitala, En Rumbo Teatro-ren eskutik; Gris/Mar-en antzezpenak, José Padillak zuzenduta; eta Poética Teatral-en proposamenak: La Trovairitz, Montse Zabalza eta Peio Otanorena; Como las cenizas por el fuego, Iralei Teatroarena; Polvo serán… mas polvo enamorado, La Nave Teatroarena; eta Tres tristes tigresas, Atikusena.

Horrezaz gan, Erriberriko herritarrek antzerki-esperientzia bitan hartu leikie parte: Negua eta Vecindarios. Barriro be, arte dramatikoko hiru eskolatako ikasketa-amaierako lanak aurkeztuko dira Tafallako Kulturgunean. Nafarroako Antzerki Eskoleak Eché mi corazón a freír en la sartén aurkeztuko dau, Angélica Lidell-ena. Bordeleko Antzerki Eskola Nazionalak, Joven Compañía de Teatro Clásico-ko aktoreakaz, Calderón de la Barcaren La vida es sueño eskainiko dau. Sevillako Arte Dramatikoko Goi Eskolak, barriz, Federico García Lorcaren Así que pasen cinco años.

Jaialdiaren programazinoan, Nafarroako aktoreei zuzendutako lantegi bat be badago: Creación e interpretación en el personaje. Garagarrilaren 30etik abuztuaren 2ra egingo da, Erriberriko Kulturetxean. Lantegia Alfonso Zurrok emongo dau, jaialdiko aurtengo zuzendari gonbidatuak. Horrezaz gan, ikastaro bat be emongo dau, interpreteetatik euretatik abiatuta pertsonaiaren sormenezko bilaketearen ikerketa praktikoan oinarritua. Zurrok Teatro Popular topaketea be eskainiko dau, edonorentzat edegia, Erriberriko Kulturetxean. Eta, egun horretan bertan, alkarrizketa-saio bat egingo da Jauregian, Mikel Zuzagaz, eta haren Príncipe de Viana: el hombre que pudo reinar liburuaren irakurketa dramatizatuak egingo dira.

Ganera, hirugarren urtez jarraian, lan-egonaldi bat eskainiko jako Nafarroako konpainia eszeniko bati, proiektu artistiko bat garatzeko ikerketa-laborategi lez planteauta. Kasu honetan, In Extremis konpainiak egonaldi bat egingo dau garagarrilaren 20tik abuztuaren 5era Erriberriko Ikastetxe Publikoko erabilera anitzeko gelan. Abuztuaren 3an, edonori edegitako topaketa bat egingo da, haren “La prueba” proiektua aurkezteko.


Sarrerak

XIX. edizinoko ikuskizunetarako sarrerek salgai dagoz, www.oliteteatrofestival.com eta www.baluarte.com webguneetan. Baluarteko txarteldegian be erosi daitekez, abuztuaren 3ra arte, 11:00etatik 14:00etara, astelehenetik zapatura.

Erriberrin, Turismo Bulegoan-Ardaoaren Museoan (Plaza de los Teobaldos 4) be erosi daitekez sarrerak: Astelehenetik barikura, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara dago zabalik. Ganera, La Cavan funtzinoa dagoan egunetan be hartu daitekez, 19:00etatik ikuskizuna hasten dan arte.

Interpretazino-eskolen zikloko ikuskizunetarako sarrerak Tafallako Kulturgunean eta Interneten baino ez dira saltzen, danak 6 euroan.

Prezioa desbardina da obren arabera (La Cavako ikuskizunak edo Armen Patiokoak), eta egunaren arabera (barikua eta zapatua, edo domekatik eguenera). Jaialdiak hainbatt muetako abonuak be eskaintzen ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu