Zabalik 'Xarmea dauen Itsasadarra' Jaialdiko tailerretan izena emoteko epea

Bizkaie! 2018-07-16 09:45   Kulturea

Flamenko topaketak irailean izango dira.

Bilboko Udalak astelehen honetan, hilaren 16an, zabaldu dau Kultura Sailak antolatutako Xarmea dauen Itsasadarra 2018 topaketa flamenkoen beste edizino baten barruan sartzen diran gitarra, txalo eta konpas, kante eta jantza flamenko tailerretan parte hartzeko izena emoteko epea.

Igazko harrera bikaina ikusita, aurten, hasierako eta maila ertaineko tailerrez gan, maila aurreratuko ikastaroak be programau ditue, flamenkoaren barruan ibilbide luzeko artisten eta irakasleen eskutik, Ángela Carbajo bailaorea, Oscar Jareño musikaria, Antonio León gitarristea edo Miguel Jiménez Jiménez kantaore beteranoa, besteak beste. Prestakuntza, tailerretan hainbat urtez parte hartu daben eta diziplina horreetakoren batean euren prestakuntzan beste pausu bat emon nahi daben personei dago zuzenduta.

Tailerrotan parte hartzeko interesa daben personek abuztuaren 16ra arte emon ahal izango dabe izena, udal webgunearen bitartez edo herritarren arretarako 010 telefono zenbakira deituz.

Ikastaro bakotxak hiru egun (6 ordu) iraungo ditu, eta 25 euro balioko dau (15 euro lanbakoentzako, erretiratuentzako eta ikasleentzako eta 10 euro Diru-sarreren Berme Errentearen jasotzaileentzat). Klaseak, taldeen arabera, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara izango dira astelehenetik barikura, eta goizeko 11:30etik 13:30era zapatuetan, San Frantziskoko udaltegian.

Jantza flamenko tailerrei jagokenez, irailaren 3an hasiko da hasierakoa, Marta Pampagaz, 10ean tartekoa eta 13an dagoeneko jantza ezagutza aurreratuak dituenei zuzuzendutakoa, azken biak Ángela Carbajo bailaoreagaz. Nazinoarteko artistak, jantza flamenkoaren teknika eta koreografia osogai aurreratuagoak erakutsiko ditu besoen, eskuen eta zapaten lanaren bitartez.

Txalo eta konpas ikastaroak irailaren 10ean hasiko dira, hasierako mailakoak, eta irailaren 17an dagoeneko tarteko ezagutzak dituenei zuzendutakoak. Txalo eta konpas tailer aurreratua irailaren 24, 25 eta 26an izango da, eta Oscar Jareño artisteak emongo dau. Diziplina anitzeko artisteak eskainiko dituan saioen helburua, palo flamenkoen bizipenak transmitidutea da, konpasaren pertzepzinoaren eta jarraipenaren eta gorputzeko elementuen eta perkusino txikien erabilerearen bidez. Hori guztia, zorroztasun teknikoa, konpasaren magian adierazoten dan flamenkoaren funtsezko izakera ludikoagaz buztartuz.

Gitarra tailer bi be programau ditue, hasierako mailakoa eta maila aurreratukoa, irailaren 6an, 7an eta 8an. Oraingo honetan, prestatzaileak Enrique Borja ‘Vaca’ eta talentuz betetako Antonio León gitarristea izango dira, hurranez hurran. Leónek gitarra flamenkoaren alorrean, hainbat ariketa teknikoren, erremateren eta falseteren bitartez.

Beste urte batez, kante flamenko ikastaroa be eskainiko da irailaren 13an, 14an eta 15ean, Miguel Jiménez Jiménez irakasleagaz. Kantaore beteranoaren eskutik, partaideak kante flamenkoan sartuko dira, funtsezko baliabideak eta teknikak ezagutzeko eta, aldi berean, gitarra laguntzaileagaz ezartzen dan loturea aztertzeko.

Ikastaro guztiek 15 plaza ditue, jantza tailerren kasuan izan ezik, horreetan plaza kopurua 10era mugatu baita, jantza flamenkoan leku gehiago eukiteko eta kalidade handiagoa eskaini ahal izateko. Aurre-inskripzinoek plaza kopurua gainditzen badabe, zozketea egingo da abuztuaren 23an, eta lehentasuna izango dabe Ibaiondoko barrutian eta Bilbon erroldautakoek, ganerako udalerrietakoen aurrean.

Beste alde batetik, eta barrikuntza legez, Bilbao Musikak gitarra eta perkusino joleei eta musika-tresnakaz esperientzia eta musika lengoaia ezagutzen daben bakarlariei zuzendutako Master Class-ak eskainiko ditu. Irakasleak Oscar de Manuel –musika-tresna melodikoak–, Oscar Jareño –perkusinoa– eta Marco Borge –gitarristea– izango dira. Irailaren 21ean, 17:00etatik 20:00etara eta 22an, 10:30etik 13:30era izango dira. Master Class-ek 30 euro balioko dabe, eta izen emoteak Bilbao Musikako webgunearen bitartez egin ahal izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu