Euskaltzaindiak 682 forma barri gehitu deutsoz bere Hiztegiari
2018-07-16 08:33 KultureaDanetara, 517 sarrera eta 165 azpisarrera barri sartu dira, eta beste 381 zuzendu eta osotu.
2016an, papelean eta sarean aurkeztu eben Euskaltzaindiaren Hiztegi barria, eta azken aldaketa garrantzitsuak aurtengo zezeilean egin izan dira. Zezeiletik forma asko aztertu ditu Hiztegiaren Batzorde ahaldunduak, aldaketa ugari proponiduta. Aldaketa horreek azken lau hilebeteotan egin diran Osoko bilkuretan aurkeztu eta onartu dira. Euskaltzain osoek zerrenda horreek ontzat emon ditue eta, ondoren, Hiztegiaren bersino elektronikoan ezarri dira.
Ondorioz, 682 forma gehitu jakoz Euskaltzaindiaren Hiztegiari. Danetara, 517 sarrera eta 165 azpisarrera barri sartu dira Hiztegiaren bersino elektronikoan eta beste 381 zuzendu eta osotu.
Sarrerak
Sarrera barri aitagarriak: ahobatezkotasun; beganismo; bidegorri; blog; blogari; brigadista; burka; buxatu; desizoztu; ehorztetxe; endekapen; etxegabetu; flysch; gay; gospel; hasieratu; iktus; ilegalizazio; imajinario; jasangarritasun; jihadista edo pexmerga.
Azpisarrerak
Azpisarrera barri aitagarriak: azelerazio angeluar; debuta egin; droga(-)mendekotasun; errugabetasun(-) presuntzio; eskola(-)jazarpen; genero(-)indarkeria; herri(-)galdeketa; hiri(-)hondakin; hitzarmen kolektibo; inguruabar aringarri; inguruabar astungarri; Jehovaren lekuko; kultur etxe; urruntze(-)agindu
Aurrerantzean, urtean bizpahiru aldiz eguneratuko da Hiztegiaren bersino elektronikoa
38.409 sarrera, 7.150 azpisarrera eta 62.519 adiera
Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak egitasmoari 2006an emon jakon hasierea, Hiztegi Batuaren 2000. urteko argitalpenean oinarrituta. Horrek 2012an papelean argitaratutako Euskaltzaindiaren Hiztegia emon eban. Ondoren, Hiztegi Batuaren bigarren itzuliko formen artikuluak landu ziran eta lehen argitaraldiko hainbat sarrera eta azpisarrera barrikusi eta osotu ziran.
Euskaltzaindiaren Hiztegia 2016ko urrian sareratu eben lehenengo aldiz. Ondotik, beste berba asko osotu eta zuzendu dira. Azken bersino elektroniko honetan, 38.409 sarrera, 7.150 azpisarrera eta 62.519 adiera dagoz guztira.
Euskaltzaindiaren Hiztegia hiztegi arauemoilea da, 1991n hasi, eta etenbarik, adieraz, adibidez eta azpisarreraz horniduten dana. Tradizinoan eta egungo corpusetan oinarrituta, berba bakotxari jagokozan adibide argigarriak eskaintzen deutsoz erabiltzaileari. Ganera, formak arautzeko erabilitako datu eta argibideetara, Hiztegi Batu Oinarridunera, eta adibideen iturri izan diran Orotariko Euskal Hiztegira, XX. mendeko euskerearen corpus estadistikora eta Lexikoaren Behatokira zuzenean joteko bidea be emoten deutso.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!