Gernikako Andra Mari Korala eta Karmele Burdain organistea omenduko ditue
2018-07-13 08:27 MusikeaZikloaren helburua da geure musika ondareaz gozau eta organoak babestu eta berreskuratzeko ezinbesteko lana agirian jarri.
Urdaibaiko Organoak. XV. Joxe Mari Eguileor zikloa izango da aurten Urremendi Landa Garapen Alkarteak eta Arratzu, Bermeo, Busturia, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu eta Mundakako Udalek sustatuta, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila eta BBK Fundazinoaren babesagaz eta Lectorile.com-en laguntzinoagaz. Ekimena garagarrilaren 14tik abuztuaren 15era izango da. Ekimen honek eskualdeko hain baliotsua dan ondare musikala aldarrikatu eta aurten Mundakako organoaren mendeurrena ospatuko dau.
Urdaibaiko zikloak koro, organo eta txistulari bandarako musika lan bat agindu dau, gernikako musikaria dan Jon Artetxe Bilbaoren eskutik. Lan hau Mundakako organoaren mendeurrena ospatzeko kontzertuan joko da, hilaren 14an, eta Gernikako Andra Mari Koralaren 40. urteurrena ospatzeko kontzertuan be, 15ean.
Kontzertu horreetan bietan Hilarión Eslava (1807 – 1878) musikaria goraipatuko da. Holan, Urdaibaiko Organoak, Durangoko Organo Kontzertuen Zikloak eta Nafarroako Organo Musika-k musikari honen musikea gogoratuko dabe haren heriotzearen 140. urteurrenean.
Karmele Burdain organista ezagunaren kontzertu-omenaldia kontzertu zikloaren azkena izango da Mundakan abuztuaren 15ean.
Geure ondare kulturala iraunarazo, berreskuratu eta gozetea da kontzertu zikloaren gakoa, aurten 15. edizinoa ospatzen da. Urdaibaiko Organoak. Joxe Mari Eguileor kontzertu zikloaren helburu nagusia geure musika ondareaz gozetako aukerea emon eta instrumentu baliotsu honeek babestu eta berreskuratzeko
ezinbesteko lana agirian jartea da. Ekimen kultural honek eskualdeko aparteko organoen berreskuratze, konserbazino eta balorean jartea sustatzen dau, besteak beste, Ibarrangeluko San Andres eleizako Alberdi organoa, Gautegiz Arteagako Andra Mari eleizako Amezua organoa, Muxikako San Bizente Martiriaren organoa, Bermeoko San Frantzisko eleizako organoa, edota Axpeko Andra Mari eleizako organo barrokoa, honen 250. urteurrena ospatu zan 2015ean, eta aurten 100 urte beteko dituan Mundakako Andra Mari eleizako organoa.
Kontzertu zikloaren XV. edizinoak Mundakako organoaren mendeurrena ospatuko dau aurten. Omenaldi kontzertu biak hilaren 14 eta 15ean izango dira Mundakako Andra Mari eleizan.
Soinudun historiaren 100 urte
Lope Alberdik egin eban Mundakako Andra Mari eleizako organoa 1918an eta ondoren, 2010ean Spaeth-ek barriztau eban. Baina hainbat arazoei egin behar izan eban aurre eregiteak, beerbarako, Munduko Lehen Gerrea.
Mundakako organoaren mendeurrena ospatzeko kontzertuak, hilaren 14an (20:00h.), hasierea emongo deutso kontzertu zikloari eta bertan Hilarión Eslava organista nafar ospetsuari egingo jako omenaldia, aurten bere heriotzearen 140 urte beteten dira eta. Eskualdeko musika tradizinoaren parte dira haren lanak, besteak beste Salve Regina, Gernika-Lumoko Andra Mari eleizan Ama Birjinearen bezperan abesten dana, edota Mundakako parrokian San Pedro egunean abesten dan Tu est Petrus .
Kontzertu honetan, Gernika-Lumoko Andra Mari Koralak, Mundakako Abesbatzak, Mundakako Txistulariek eta Benantzi Bilbao organo-joleak parte hartuko dabe. Jon Artetxe musikari gernikarrak zuzenduko dau kontzertua eta berak sortu dau kontzertu honetarako musika lana, San Pedro zeruetako abesti herrikoian
oinarrituta.
Kultura, ondarea eta musikea Urdaibaiko Organoak zikloan
Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren babesagaz eta Arratzu, Bermeo, Busturia, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu eta Mundakako Udalen kolaborazioagaz, Urremendi LGEak urtero antolatzen dauen kontzertu ziklo honek kultura musikala, ondare eta turismoa batzen ditu. Musika ekimen honek, Benantzi Bilbao mundakar musikariak zuzendutakoak, aurten bere hamabosgarren urteurrena ospatzen dau, kontzertu egitarau zabala eskainiz garagarrilaren 14tik abuztuaren 15era bitartean.
Kontzertuak Busturialdeko herri desbardinetan eskainiko dira, eskualdeko herriak ezagutzera emoteko eta herrion eskaintza turistikoa eta kulturala zabaltzeko. Aurtengo kontzertuak honako lekuetan eskainiko dira: Gautegiz Arteagako Andra Mari eleizan, Busturiako Andra Mari eleizan, 2 kontzertu eskainiko dira bertan, Gernika-Lumoko San Pedro eta Andra Mari eleizetan eta Mertzedeko komentuan, Ibarrangeluko San Andres eleizan, Arratzuko Santo Tomas eleizan, Bermeoko San Frantzisko eleizan eta Mundakako Andra Marin.
Urdaibaiko Organoak 2018
Hamabosgarren edizino honetako kontzertu zikloak errepertorio zabala eskainiko dau. Aurten, herrialde desbardinetako musikari ospetsuek parte hartuko dabe, besteak beste, Yuzuru Hiranaka japoniako organo-jolea edota Italiatik etorritako, Maurizio Salerno milandarra, Fabio Macera genoarra edota Steffano Pellini
Modenakoa.
Ganera, aurton omenaldi xumea eskainiko jako Karmele Burdiain organistari. Karmele Burdain Begoñako basilikako organo-jolea izan da, baita Jesusen Bihotz Sakratuaren eleizan be, jesuiten egoitzan. Benantzi Bilbao mundakarrak eskainiko dau kontzertua, zikloaren azkena, abuztuaren 15ean, Mundakako Andra Mari
eleizan.
Igazko moduan, aurten be Lectorile.com-ek festibaleko musikarientzat diseinautako atril bereziak dira. Lectorile, kartoizko atrilak dira. Zabalik A-4ko 5 orrialde sartzen dira eta batuta orri bat.
Eleizetako organoen ondare aberatsa ezagutzeko bisita gidatuak
Urdaibaiko Organoak. Joxe Mari Eguileor kontzertu zikloak Busturialdeko organoak eta gure liturgia berreskuratzeko helburuak ditu, baita eskualdeko kultura aberastea ere, gure ondare musikalak bere erakargarritasun artistikoa, musikala eta estetikoa berreskuratu daian.
Aurten be, Mundakako Andra Mari Eleizaren organoa ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko dira,
garagarrilaren 24an eta abuztuaren 11an, eta Axpe-Busturiako Andra Mari eleizako organoa be, garagarrilaren 28an eta abuztuaren 4an.
Axpeko Andra Marira bisita gidatuak egiteko hemen erreserbatu behar da aurretiz: 94 617 10 04 edo urdaibaikoorganoak@gmail.com emailean. Mundakako Andra Mari eleizako organoa bisitatzeko erreserbak hemen egin behar dira: 94 617 72 01 edo urdaibaikoorganoak@gmail.com emailean.
Herriek eta parrokiek ahalegin handia egiten dute instrumentu hauek zaharbarritu eta modu egokian eukiteko. Urdaibaiko Organoak. Joxe Mari Eguileor kontzertu zikloak instrumentu hauek balorean jartzen dauz eta hauen musika entzuteko aukera paregabea eskaintzen dau. Ganera, ekitaldiaren antolakuntzeak egin beharreko ikerketak egiten ditu organoak zaharbarritzeko eta etorkizuneko edizinoetan gehitu ahal izateko.
Bizkaian dauden barroko estiloko sei organoetatik 3 Busturialdean dagoz: Axpe-Busturia Andra Maria eleizako organoa, Ereñoko San Miguel eleizakoa eta Muxikakoa. Muxikako San Bizente Martiriaren organoa (1760) ondare altxorra da, baina hondatuta dagoanez, mutu dago. Zikloak musika tresna baliotsu hau, Euskadiko zaharrenetariko bat, berreskuratzeko deialdi adoretsua egin dau sarri.
Aurten honako instrumentuak entzuteko aukera egongo da:
- Gautegiz Arteagako Andra Mari elizako organoa. 1884. urtean Aquilino Amezuak eregia. 2015.urtean bere 130. urteurrena ospatu zan.
- Axpe-Busturiako Andra Mari elizako organoa. Lorenzo de Arrazolak 1765. urtean eregitakoa. 2015ean bere 250. Urteurrena ospatu zan. Barrokoko balore handiko
instrumentua da (Euskadin dagoan iberiar estiloko organoaren eredua).
- Gernika-Lumoko Mertzedetako komentuko organoa. Lope Alberdik eregitakoa 1908. Urtean eta 2008.enean barriztuta.
- Ibarrangeluko San Andres eleizako organoa. Alberdi-Martik 1905ean eregitakoa. 2009an eta 2014an zaharbarritu zan Gondra-Barandiaran fundazinoari esker. Aparteko instrumentu honek erregistro berezia dauka, Iberiar peninsulako beste hiru organok bakarrik dabe erregistro hau, Arpa izenekoa.
- Gernika-Lumoko Andra Mari eleizako organoa. E.F Walcker-ek 1889an eregia eta guztiz eraldatua 1994. urtean Pellerin & UYs-ren eskutik.
- Arratzuko Santo Tomas eleizako organoa. Christoph & Etienneko Armonium-a, 1850. urtean eregia. Iberiar peninsulan antzinatasun honegaz dagoan armonium bakarra da. Harmonium-eko Frantziako alkarteak bere antzinatasunagaitik apartekoa izentau eban.
- Lumoko San Pedro eleizako organoa, Lope Alberdik eregia 1909. urtean.
- Bermeoko San Frantzisko eleizako organoa, 1914. urtean eregia Lope Alberdiren eskutik.
- Mundakako Andra Mari eleizako organoa, Lope Alberdik 1918an eregia. 2010. urtean, Spaeth-ek zaharbarriztautakoa.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!