2018ko Aste Nagusian, Bilbon kaleko antzerkiko 18 ikuskizun izango dira
2018-07-12 13:21 KultureaEuskadiko sei estreinaldi be iragarri ditue Bilbon.
Kaleko antzerkia herritarrek Aste Nagusian ondoen baloretan daben jardueretako bat da. 2017an, 46.500 persona inguruk ikusi eben kaleko antzerkia edo umeentzako antzerkia Aste Nagusian.
Bilbok 18 emonaldi eskainiko ditu 2018ko Aste Nagusiko kaleko antzerki eta arte eszenikoen programazinoan. Hain zuzen be, gaur goizean aurkeztu dabe programazinoa komunikabideen aurrean eta Shakti Olaizolak Baldin Bada lanaren zati bat eskaini dau. Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jaietako Zinegotziak kalean edade guztietarako saioak eta originaltasuna nabarmendu ditu. Azpimarratzekoa da bost lan lehen aldiz ikusiko dirala Euskadin eta estadu mailako estreinaldi bat izango dala.
Arriaga eta Gaseko plazatan izango dira ikuskizunak, abuztuaren 19tik 26ra. Saio bi izango dira Arriaga plazan (13:30ean eta 21:15ean) eta programautako lanek 50 minutu iraungo dabe, batez beste. Gaseko plazan, ostera, umeentzako ikuskizunak izango dira, egunero 19:30ean, abuztuaren 19an izan ezik, 20:00etan hasiko baita.
Aurten munduko hainbat lekutik datozen konpainiak izango dira: Euskadi, Katalunia, Argentina, Brasil, Italia, Belgika, Frantzia eta Kenya. Guztira, Euskadiko zazpi konpainia, estaduko bi eta atzerriko zortzi etorriko dira. Konpainia bakotxak diziplina eta proposamen desbardinak ekarriko ditu eta ehun profesional inguruk ipuinetako personaiena egingo dabe, ikusleak magia eta akrobaziakaz ezustean harrapauko edo umeak clown, umore eta jantzako ikuskizunakaz animauko ditue.
Hori guztia, mundu osotik etorritako musika eta soinuak lagunduta, umeen eta helduen irudimena hegan jarteko. Proposamen handienen artean dago Niño Costrini konpainia; The Crazy Mozarts lanaren eskutik ikuskizun benetakoa eskainiko dau, umorez, musikaz eta zirkuz betetakoa. Kataluniako Cía 3 konpainiak Mur erakutsiko dau, ikuskizun bisuala, poetikoa eta integratzailea, aniztasun funtzionaleko aktoreakaz sortutakoa. Euskaditik, Ganso y Cía konpainiak Babo Royal ekarriko dau, ikuskizun desbardina, zuhurtasuna eta normaltasuna galarazota dagozana.
Umeentzako antzerkia eta kaleko antzerkia dira herritarren Aste Nagusian ondoen baloretan daben jardueretako bat eta igaz 46.500 lagun inguruk gozau eben programazinoaz. Proposamen honen bidez, Bilboko Udalak ikuskizun mueta hori hurreratu nahi deutse herritarrei, zortzi egunez kaleko antzerkia eskainiz, kalidadekoa eta dobakoa.
Sei ikuskizun barri Euskadin
Kaleko antzerkia eta arte eszenikoen programazinoak hainbat barrikuntza dakarz Bilbora: bost lan lehen aldiz erakutsiko dira Euskadin eta bat estadu mailan estreinauko da Aste Nagusian. Estreinaldi hori Arriaga plazan izango da abuztuaren 22an, 21:15ean, eta Broc’n’ Roll Circus lana da, Cie. Les Petits détournements konpainiarena. Ikuskizun ederra da, zuzeneko musikea, zirkuko bitxikeriak eta objektuen manipulazinoa nahasten dituana.
Ganera, Euskadin lehen aldiz ikusi ahal izango da Naufragata, Italiako Circo Zoé konpainiarena, abuztuaren 20an, astelehenean, 21:15ean, Arriaga plazan. Ikuskizun hori amesez, irudimenez, poesiaz eta musikaz kargautako ontzi baten tripulazinoari buruzkoa da.
Estreinaldien artean dago Belgikako Dirk konpainiaren Sol Bemol lana. 2017an zirkuko Emilio Zapatero saria jaso eban eta Arriaga plazan izango da abuztuaren 21ean, saio bitan, 13:30ean eta 21:15ean.
Abuztuaren 24an, barikuan, 13:30ean eta 21:15ean, Arriaga plazan Kataluniako Capicua konpainiaren Koselig lana ikusi ahal izango da.
Beste alde batetik, Argentina Niño Costrini konpainiak lehenengoz ekarriko dau Euskadira The Crazy Mozarts lana. Musika klasikoko kontzertu berezia, ohiz kanpoko instrumentuakaz interpretauta. Lan hori Gaseko plazan antzeztuko da abuztuaren 21ean, martitzenean, 19:30ean, eta Arriaga plazan abuztuaren 22an, 13:30ean.
Azkenik, Kenyatik etorriko da Black Blue Brothers taldea herri-zirkua eta komedia musikalaren arteko ikuskizun bategaz. Arriaga plazan ikusi ahal izango da abuztuaren 24an, 13:30ean eta 21:15ean.
Era berean, nabarmentzekoa da Eccentrici Dadaro konpainiaren Operativi lana, 2014an kaleko Cantieri Sari Nazionala jaso ebana. Abuztuaren 26an izango da Arriaga plazan.
Euskal taldeak
Aste Nagusiak aukerea emoten deutse arte eszenikoetako taldeei euren lanak ikusle askorengana hurreratzeko. Aurten, Euskal Herriak zazpi konpainia izango dira Bilbon.
Abuztuaren 23an, 13:30ean, Ganso y Cía konpainiak barre eragingo deutse ikusleei Babo Royal ikuskizunagaz Arriaga plazan.
Kabareteko erritmoek Arriaga plazea beteko dabe Markeliñe konpainiaren Carbón Club lanaren eskutik, abuztuaren 23an, 21:15ean.
Eta Markeliñe konpainia barriro izango da kalean, hain zuzen be Gaseko plazan umeentzako Chef Nature ikuskizunagaz abuztuaren 25ean, 19:30ean.
Shakti Olaizola konpainiak Baldín Bada lanaren bidez erakutsiko dau pintetea abenturea izan daitekela Gaseko plazan, abuztuaren 26an, 19:30an.
Ganera, Zirika Zirkus konpainiak Tren geltokia lana erakutsiko dau Gaseko plazan abuztuaren 19an, 20:00etan, eta Deabru Beltzak konpainiaren Denporan jantzan lana erakutsiko dau leku berean, abuztuaren 22an, 19:30ean.
Umeek be Gaseko plazan gozau ahal izango dabe Txan Magoaren Inpernutik Natorren Artista Bat Naiz Ni! lanagaz abuztuaren 23an eta Panpotx Kultur Alkartearen Baserrian jai lanagaz abuztuaren 24an, biak 19:30ean.
Aurreko edizinoetan lez, Bilboko Udalak inklusinoaren alde egiten dau lan eta zeinu hizkuntzearen interprete bat izango da testua daukien ikuskizun guztietan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!