Bilbao Uria Pop Rock Lehiaketan parte hartuko daben 32 taldeak aukeratu ditue

Bizkaie! 2018-07-11 13:50   Musikea

29 urte honeetan, 22.270 banda aurkeztu dira lehiaketara; 1.359 kontzertu eskaini eta 135.000 persona bertaratu dira kontzertuetara.

Aurten 30 urte beteko dituan lehiaketan 16 taldek parte hartuko dabe Pop-rock modalidadean; 8 talde metalean eta beste 8 Urban kategorian. Aukeratutako banden kontzertuak Bilborock-en izango dira irailaren 13an hasi eta urriaren 20ra bitartean.

Taldeen jatorriari jagokonez, gehienak, % 63, Estadukoak dira; % 28 Euskadikoak eta % 9 atzerrikoak. Taldeetako kideen batez besteko edadea 27 urtekoa da eta aurten lehiaketan parte hartuko daben taldeen % 22an emakumeren bat dago.

Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketa antolatueran, Udalaren helburua da profesionalak ez diran taldeen lanari laguntzinoa emotea eta taldeon talentua zabaltzea; bide batez, aukerea emoten jake estaduko eta atzerriko beste talde batzuekaz batera eszenatoki berean egoteko eta ikus-entzuleei proposamenik barrienak zuzenean eta doban biziteko.

Bilbo Uria Pop Rock Lehiaketa Bilbao Gazte proiektuaren barruan dago. Bilbao Gazte udal gobernuaren konpromiso estrategikoa da, Bilboko gazteen pentsamenduak, beharrizanak eta itxaropenak zeintzuk diran jakiteko. Gero, horreek udal politikan sartzea da helburua, gazteei bizitza publikoan parte hartzeko bideak emonez.

Lehiaketak musika sektoreko personek osatutako epaimahai profesionala dauka. Aurtengo edizinorako talde honeek aukeratu ditue:

Pop-Rock:

1. Destino 48 (Asturias).
2. Los Invaders (Valentzia).
3. Fru Kantika (Valentzia).
4. Hyedra (Gipuzkoa).
5. Killerkume (Bizkaia).
6. Kings of the Beach (Pontevedra).
7. Lady Banana (Zaragoza).
8. Laverge (Valentzia).
9. Mama Killa (Frantzia).
10. Yo, Gerard (Bizkaia).
11. Poolshake (Murtzia).
12. Purple Vellocet (Bizkaia).
13. Rym (Granada).
14. Giante (Araba).
15. Wizard (Frantzia).
16. Yawners (Madril).

Metal:

1. Saltimbankya (Bartzelona).
2. Perpetual Night (Granada).
3. Next step (Madril).
4. Manipulation (Polonia).
5. Physis (Sevilla).
6. Trallery (Balear Uharteak).
7. Incursed (Bizkaia).
8. Mise en Abyme (Gipuzkoa).

Urban:

1. Beatlove (Sevilla).
2. Boyanka Kostova (A Coruña).
3. El Prince (Valentzia).
4. Esteban & Manuel (A Coruña).
5. Kvalvika (Gipuzkoa).
6. Shintoma (Bizkaia).
7. Ttun Ttun Brigade (Errioxa).
8. VVV (Trippin´you) (Madril).

Aukeratutako banden kontzertuak Bilborock-en egingo dira irailaren 13an hasi eta urriaren 20ra bitartean. Kategoria bakotxeko irabazleak aukeratzeko, epaimahaiak emondako botoez gan, ikus-entzuleen botoa be kontuan hartuko da, botuen % 15a izanik. Botazinoan parte hartzen daben personak jaialdi handietarako sarreren zozketan sartuko dira, berbarako, 2019ko BBK Live jaialdirako 10 bonu eta 2019ko Resurrection Fest jaialdirako 3 bonu.


Aukeratutako taldeen profila

Aukeratutako taldeen % 28, hau da, 32tik 9, Euskadikoak dira: 5 Bizkaikoak, 3 Gipuzkoakoak eta 1 Arabakoa; gehienak, % 63, Estadukoak dira, batez be Valentziakoak eta Madrilekoak. Azkenik, 3 talde, guztien % 9, atzerrikoak dira: 2 Frantziakoak eta 1 Poloniakoa.

32 talde horreetako kideak, guztira, 106 dira. Partaideen batez besteko edadea 27 urtekoa da. 18 eta 35 urte bitarteko gazteek osotutako taldeentzat da lehiaketea. Taldean kide bi edo gehiago diranean, kide bat 35 urtetik gorakoa izan daiteke.

Lehiaketarako aukeratutako taldeen % 22an, hau da, 32tik 7 taldetan, kideetakoren bat emakumezkoa da eta Lady Banana (Zaragoza) taldeko kide guztiak emakumeak dira. Bada, igaz baino emakume gehiago izango dira taula gainean; hain zuzen ere, horixe zan edizio honetako helburuetako bat.

Aurten lehiaketara aurkeztutako banda-kopurua igazkoa baino handiagoa da, % 8,6 handiagoa, hain zuzen. Guztira, 527 taldek emon eben izena: 368 talde Pop-Rock kategorian; 113 Metal kategorian eta 46 Urban kategorian.


Sariak

22.900 euro banatuko dira saritan: 12.000 euro Pop-Rock, Metal eta Urban-eko kategorietako lehenengoentzat, 6.000 euro kategoria horreetako bigarrenentzat eta 3.900 euro kategoria horreetako hirugarrenentzat. Epaimahaiaren sari berezia be emongo jako Bizkaiko talde edo bakarlari onenari, 1.000 euroko balioa dauena. Era berean, taldeak nongoak diran kontuan hartuta, konpensazino ekonomikoa izango dabe bidaien gastuetarako.


XXX. urteurrena

Udalak antolatzen dauen Bilbo Uria Pop-Rock Lehiaketak 30. urte beteko ditu aurten; hori ospatzeko, 200 persona baino gehiago batu ziran maiatzaren 2an Bilborock aretoan, 2018ko Bilbao Uriaren aurtengo edizinoari hasierea emonez. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak parte hartu eban emonaldian. Bertan hiru hamarkadotan lehiaketan parte hartutako talde eta gazteen talde batzuk, musikako profesional, epaimahaiko kide eta kazetari batzuk batu ziran.

29 urte honeetan, 22.270 banda aurkeztu dira Bilbo Uria lehiaketara; 1.359 kontzertu eskaini eta 135.000 persona bertaratu dira kontzertuetara. Hainbat talde ezagun izan dira lehiaketa honetan, esaterako, honeek: Platero y Tú, Su Ta Gar, Los Bichos, La Buena Vida, El Inquilino Comunista, Atom Rhumba, Australian Blonde, Manta Ray, Sidonie, Zea Mays, El Columpio Asesino, Audience, Delorean, The Sunday Drives, WAR, Zodiacs, War Cry, Tierra Santa, Rise to Fall eta Quaoar.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu