Dario Urzayren 'Behatzailearen sabela obrea zaharbarriztau dabe'

Bizkaie! 2018-07-09 09:50   Kulturea

Darío Urzay pintorearen (Bilbo, 1958) obra aitagarria da, 'Pintura negatiboak' sailekoa.

Museoak bere bildumako artelanak iraunarazoteko eta zaharbarriztuteko hainbat tratamendu egiten ditu urtean, Bilboko Arte Eder Museoa Fundazinoaren Patronatuko kide dan Iberdrolaren babesari esker. Programa horri jarduera berezi bat gehitu jako aurten, arte garaikideko bildumako obra berezienetako bati loturikoa. Behatzailearen sabela (Arreta-atalasea) (Afterimages) da aitatutakoa, hain zuzen, euskal arte garaikideari buruzko Gaur, Hemen, Orain erakusketearen harian museoak berak 2001ean Darío Urzayri (Bilbo, 1958) egindako enkargu baten emoitzea.

Jatorrizko obra museoko gune jakin baterako proiektatu zuen Urzayk –eraikin modernoko korridorea, Arriagaren Monumentuaren Plazara ematen duen beirateak mugatua–, eta elkarri loturiko bi ataletan egituratu zuen; egituratze horretan, garrantzitsuena ez da pieza bakotxa modu independentean harturik, koadro txikien (Arreta-atalasea) ama sorkuntzatik abiatutako multzoaren batasuna baino.

Arreta-atalasearen bost koadro txikiak (150 x 122 cm) hartu zituen egileak koadro handiak lantzeko oinarri. Koadro txikiak orioz, erretxinaz eta argazki papelez eginda dagoz, egur gainean, eta euren irudi negatiboak dira. Koadro handiak (280 x 235 cm) egiteko, txikiei argazkia atera, irudiak digitalizau eta burdinezko euskarrietan muntautako beirazko lamina biren artean ahokatutako material zeharrargian inprimidu ziran –Afterimages–.

Holan, obreak artistearen interes nagusiak laburbatzen ditu, besteak beste, teknika eta baliabide artistikoen hibridazinoa (pinturea, argazkia edo sorkuntza digitala); arlo abstraktuaren eta harek errealidadeagaz dauen baliokidetasunaren arteko konbinazinoa, egitura biologikoetatik abiatutako irudi handituen bidez; piezak behatzailearen begiradan osotzen dauen behaketa bikotxaren probokazinoa; edo gorria –eta horren kontrakoa, berdea– bizitearen metafora lez erabiltea.

Piezea hamabost urtetik gora egon da erakusgai, eta, ondorioz, aldaketa esanguratsuak zituan. Holan, hari buruzko azterlan zehatza egin da, Urzayk berak esku hartuta, eta muntaia museografiko barri bat eratu da: piezak berrargitaratu dira, mugatu egin da euren kopurua –zortzi piezara, hain zuzen–, eta atzetik argitutako argi kutxetan antolatu dira lau pintura handiak, horma muntaia batean.

Artistearen eretxiz, aurkezpen barriak piezen bestelako egoteko modu bat eskaintzen dau, eta behatzaileagazko bestelako harreman bat, baina obra berbera da. Sintesi obra bat da, artistearen pintura negatiboak saileko onena, akaso, eta esku-hartzearen helburu izan diran irudien intensidade kromatikoa eta adierazkortasun-energia berreskuraturik agiri da orain.


Esku-hartzea

Esku-hartze honetan, Arreta-atalaseagaz batera obrea osotzen dauen Afterimageseko lau elementu produzidu dira barriro. Murriztu egin da atal bakotxeko elementuen kopurua, bostetik laura. Prozesu hori Darío Urzaygaz eta Estudios Durero etxeagaz lankidetzan gauzatu da. Jatorrizko irudiak abiapuntu hartuta, UV inprimatze bat egin da berariazko oihal batean (Artist Backlight Senfa), kalidade gorenean. Lau oihaletako bakotxa irudiak atzetik argitzeko led argiztapenaz hornidutako aluminiozko panel batean jarri da. Holan, artisteak bilatutako zeharrargitasunaren efektua lortzen da, argiaren transmisinoaren bidez.

 

Iberdrola, gizarteagaz konprometiduta

Iberdrolak konpromiso sendoa izan dau, sorreratik bertatik, jarduera-esparrutzat dituan komunidadeen energia, kultura eta gizarte-garapenagaz. Esangura horretan, konpromiso horretan sakontzeko egindako aurrerapausua da Fundación Iberdrola España fundazioa, personen bizi-kaldtdtea hobetzen laguntzen daben ekimenak sustatzen dituan neurrian.

Fundazinoak prestakuntza eta ikerketa arloak lantzen ditu, honako esparruotan: energia, gazteentzako beka programen eta laguntzen bidez; biodibersidadea, ingurumena babesteko proiektuen bidez; kultura garapena, aberastasun kultural eta artistikoak jagoteari begira; eta nazinoarteko lankidetzea, sektore ahulenakaz, batez be umeei eta gazteei begirako gizarteratze eta laneratze ekimenen bidez.

Iberdrolaren eta museoaren arteko lankidetzeak hiru jarduera nagusi honeek ditu:

- Konserbazino eta Zaharbarritze programea.

- Iberdrola-Museoa bekea, artelanen konserbazinoaren eta zaharbarritzearen arloko prestakuntzea eta ikerketea sustatzeko helburua dauena.

- Museoaren bilduma ezgaitasun bisual edo kognitiboagaitik premina bereziak dituen edo gizarteratze programetan dabilen publiko bereziari erakusteko berenberegi diseinautako jarduera didaktikoak.

- Azkenik, gaur aurkeztutako Darío Urzayren obreari jagokionez, aitatzekoa da Iberdrolaren arte-bildumak artista horren bi obra dituala, Gaueko igarobidea 1 eta Gaueko igarobidea 2, Iberdrola Torreko atarian.


Topaketa Darío Urzaygaz

Darío Urzaygaz aretoan egingo dan topaketan, obrearen sorkuntza-gakoen barri emongo dau artisteak, eta María José Ruiz-Ozaita museoko Zaharberritze Saileko buruagaz barriketaldia egingo dau obrea berregiteko prozesuari buruz.

Garagarrilaren 19an, 11:30ean, 32. aretoan izango da. Dobako jarduerea, Museoaren Lagunentzat antolatua.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu