Europako adituak Euskadin dabiz Kultura eta Sormen Industrien arloan egiten gagozana ezagutzeko

Bizkaie! 2018-07-05 09:32   Kulturea

Kultura ondarea, gastronomia eta Kultura eta Sormen Insustriak bultzatzeko politika publikoak ditue ardatz.

Eslovakia, Erdialdeko Finlandia, Emilia-Romagna, Valonia eta Mendebaldeko Greziatik etorritako ordezkariak kultureari eta sormenari loturiko proiektuak bisitetan dabiz egunotan, arreta berezia eskainiz ondoko hiru esparruei: kultura ondarea, gastronomia eta Kultura eta Sormen Insustriak bultzatzeko politika publikoak. Bost lurralde horreek Euskadigaz konpartiduten dabe Creadis 3 KSIen inguruko Europa mailako proiektua.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila  Creadis 3 proiektuaren lidergoa eta koordinazinoa bultzatzen dabil, Europar Batasunerako Euskadiren Ordezkaritzeagaz, Eusko Jaurlaritzako beste arlo batzuekaz eta foru aldundi zein udaletako ordezkariakaz. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñoz Europako bost lurralde horreetatik etorritako ordezkariak laguntzen dabil bi egunetako bisita honetan zehar.

Hilaren 3an ekin eutsien bisitaldiari, Bizkaiko Foru Aldundiaren BEAZ garapen ekonomikorako alkartearen egoitzan; han, Creadis 3 proiektuaren jarraipenerako bilerea izan eben eta gobernantza publikoaren eta praktika onen inguruan egin eben berba. Horregaz batera, Kultura eta Sormen Industrien inguruan sustatutako politikak kudeatzen dituen hainbat erakunderen lana ezagutu eben, besteak beste, BEAZ bera, Musika Bulegoa eta Gipuzkoako Foru Aldundia, azken kasu honetan gastronomiaren arloari jagokonez.


Zorrotzaurre eta Guggenheim

Arratsaldean, ZAWP-Zorrotzaurre Art in Work Progress proiektutik Kultura eta Sormen Industriaren arloan egiten dabizen lana ezagutu eben, bai eta industria ondarea batzen dauen Consonni eraikina be, Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Alkartearen bitartez. Eguna Guggenheim Museora eta Bilboko Alde Zaharrera bisitea eginez amaitu eben.

Bart, barriz, KSIen inguruan Gasteizen izandako esperientzietan jarri dabe jomugea. Europako bost lurraldeotako ordezkariek Artium Arte Garaikidearen Euskal Museoa bisitau eben, bai eta Santa Maria Katedrala be, barrikuntza adibide eredugarria kultura ondarearen arloan. KSIen inguruko lurralde bitako esperientzia be ezagutzeko aukerea izan eben.


KSIak Euskadin

Azken urteotan Euskadin hainbat ekimen bultzatzen dabiz Kultura eta Sormen Industrien inguruan, esparru hau estrategikotzat hartzen baita ekonomiaren garapenerako eta barrikuntzea sustatzeko kulturearen eta sormenaren alorrean. KSIen ikuspegi honen barruan kulturearen inguruko politiketara gehitzen dira sormenagaz zerikusia daben hainbat arlo (diseinua, hizkuntzearen industriak, bideo-jokoak, modea, gastronomia...), artearen eta industriaren artean kokatu daitekezanak. Creadis 3 proiektua lagungarria izango da kultur politikak eta garapen ekonomikoa buztartzeko eta KSIak garatzeko baldintza egokiak sortzeko.

Kultura eta Sormen Industrientzako ekosistema aproposa eragiteko, eta kulturearen eta sormenaren potentzial barritzailea sustatzeko, Eusko Jaurlaritzeak bultzatutako ekintzak eta ekimenak sustatzen dago Creadis 3 proiektuaren bitartez. Europako Kultur Ondarearen Urtearen zigilua irabazi ondoren, proiektu honek Euskadin eta agenda europarrean kulturearen eta sormenaren papera indartzen, birkokatzen eta sustatzen dau.

Euskadi Europako beste bost lurraldegaz lotzen dauen ekimen hau igazko martian jarri eben abian, finantzazino europarrari esker, eta ondorengo helburu honegaz: kultur politiken inguruan barrikuntzea eta garapen ekonomikoa sortzeko helburua daben lurraldeetan politika eraginkorragoen garapena babesteko lurralde-mailako politika publikoen agendak koordinatzea.

Europako erakundeak eta eskualdeak arreta handiz jarraitzen dabiz Euskadik gidatutako proiektuaren emoitzak eta lana, KSIen esparruan etorkizuneko estrategia europarra eta kultur politika europarra zehazten dagoalako. Creadis 3 proiektuak sorkuntza-ekosistemetako eta gobernantzako jardunbide egokiei buruzko txosten bat osotuko dau. Proposamen horri esker, espezializazino adimendun iraunkorreko barruti sortzaileak eta iraunkorrak ezarriko dira. Ekosistema horreek agintari publikoen eta interesautako industria-sektoreen arteko alkarlana sortuko dabe, Kulturea eta Sormen Industrien barrikuntzea eta garapena lagunduz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu