XIII. Bilbao BBK Live hemen da
2018-07-04 13:46 MusikeaXIII. Bilbao BBK Live-n aurten ia ehun talde ikusteko aukerea egongo da.
Jaialdiari hasierea emoteko astebete falta danean —garagarrilaren 12an, 13an eta 14an—, kanpineko sarrerak dagoeneko agortu egin dira. Publikoari jagokonez, azken bonuak salgai dagoz eta leku danak betetea espero da. Publikoak guztira 96 taldez gozetako aukerea izango dau (igaz 70 izan ziran), 7 agertokitan.
Aurten, 120 herrialde baino gehiagotatik erosi ditu publikoak sarrerak (Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Alemania edo AEB).
Bigarren urtez jarraian, Bilboko Udalak eta Last Tour-ek eraso sexisten kontrako kanpaina bat jarri dabe martxan, jaialdirako beren beregi diseinautakoa, goiburu honegaz: EZ beti da EZ. No es NO.
Sarrerak eskumuturrekoakaz trukatuko dira jaialdira igon aurretik.
Horrezaz gan, urian bertan eskaintzen diran dobako kontzertuei be eutsi egin jake.
Florence + The Machine, Gorillaz, The xx, The Chemical Brothers, My Bloody Valentine eta Childish Gambino aurtengo kartela osotzen daben izen handietako batzuk dira. Ganera, Euskadiko eszenako hainbat ordezkari be izango doguz, besteak beste, Cecilia Payne, Hakima Flissi, Ibon Errazkin, Borrokan eta Aneguria.
Aurten be, musika elektronikoaren zaleek Basoa izango dabe topagune, eta Lasai espazio barriak osotuko dau, minutuko 100 beat baino gitxiagoko musikea eta inguruneagazko esperientzia bat eskainiko dituana. Eremutik kanpo, Akelarre izeneko espazio bat estreinauko da. Bertan, zuzeneko programazinoa eskainiko da kanpalekuaren erabiltzaileentzat baino ez.
Bereziak izeneko zikloa gurean izango da beste behin, jaialdiko musikea uriaren bihotzera eroateko.
FLORENCE + THE MACHINE, egueneko kartelburua
Britainiar eszenan izen gitxik izan dabe Florence Welchen taldeak lako sarrera harrigarria. Prentsa liluratuta itxi eben euren lehenengo diskoagaz, eta 65 astez egon ziran Top 40 UK zerrendan. Beste bi disko gehiagori esker garatu daben errepertorioan single argiak eta alderdi arty, zinematografiko, epiko eta barrokoagoa garatzen daben abestiak daude, betibe ahots bikain horren babesean. Euren laugarren albumaren iragarpena da denporaldi honetan gehien itxarondako albisteetako bat.
Aurten Florence + The Machine taldeaz eta euren abesti bikainez gozetako aukerea izango dogu Bilbao BBK Live jaialdian.
Egunenean, alt-J eta Childish Gambino be agertokira igoko dira. Alt-J britainiarrek euren ibilbide musikal geldiezinagaz jarraitzen dabe, euren musikeagaz eta estilo partikularragaz eregi dabenagaz. Debutean Mercury sari bat irabazi eben eta bigarren diskoagaz Madison Square Garden aretoa bete eben. Erresuma Batuko punta-puntako taldea bilakatu dira, Brit eta Grammy sarietako izendapenak eskuratu ditue eta zuzeneko kalidade ezin hobea daukie. Horri guztiari esker, hirukoteak ospe handia irabazi dau. Orain, Relaxer lanagaz itzuli dira Bilbao BBK Live jaialdira, gure garaiko klasiko barri bat, kritikarien esanetan.
Hip-hop/funk/soul estiloko hiru disko zoragarri eta handinahi argitaratu ondoren, Donald Glover aktoreak Community, Atlanta eta, laster, Lando Calrissian berria Star Wars-en) Childish Gambinoren ibilbideari amaierea emongo eutsola jakinarazo eban. Osperik handiena izan eban momentuan emon eban horren barri, hain zuzen be, Grammy sarietan izan ondoren (bost izentapen izan zituan, baita Albumik Onenaren saria be, eta R&B Interpretazinorik Onenaren saria irabazi eban), AEBetan Urrezko Diskoa irabazi ostean eta Billboard zerrendako Top20an sartu ondoren. Mundu osoko milioeka jarraitzailek eskatu deutsie hau ez daitela bere azken bisitea izan; ez dakigu azkena izango dan, baina berezia izango da.
Europan emonaldi bi baino ez ditu eskainiko, eta Bilbokoa izango da horietako bat.
Barikuan, THE XX, THE CHEMICAL BROTHERS + MY BLOODY VALENTINE
Londresko hirukotearen ibilbide liluragarria Elliott School-en batu ziranean hasi zan, eta 2009. urtean kaleratu eben lehenengo albuma. Euren nortasun sakonari eta benetakotasunari esker, mundu osoko milaka persona The xx taldeagaz identifikauta sentidu ziran, eta oso denpora gitxi behar izan eben jarraitzaile ugari eukiteko.
Bilbao BBK Live jaialdikoa izango da Espainian eta Portugalen eskainiko daben emonaldi bakarra.
Tom Rowlands eta Ed Simons, The Chemical Brothers, musika elektronikoak izan dauen erantzunaren atzean egoteaz harro egon daitekez, baita genero horren erabateko iraultzaileak izateaz be. Baina, batez be, euren abesti asko hit bihurtu diralako egin dira ospetsu, baita kontzertu harrigarriak eskaintzen dituelako be.
My Bloody Valentine. Kevin Shieldsek 80ko hamarkadaren erdialdean hasi eban proiektua. 1991n, Loveless hilezkorra argitaratu ebanetik, indie rockaren eragin nagusienetako bat izan da. Nortasun aparta eta imitauezina dabe, shoegaze estiloa zehaztu eben eta errepetidu ez diran muga sonikoak lortu zituen gitarrakaz.
GORILLAZ, zapatuan
Gorillaz, Damon Albarn eta Jamie Hewlett musikariek sortutako taldea, errespetu handiko proiektu bilakatu zan eta munduko talde birtual arrakastatsuena izatera heldu da. 2017an, bosgarren albuma merkaturatu eben: "Humanz”. Kritikearen babesa jaso dabe, eta AEBetako Erresuma Batuko charts diralakoetan 1. eta 2. postuak irabazi ditue, hurranez hurran.
Bilbao BBK Live 2018 jaialdiko zuzenekoetako bat izango da
Noel Gallagher, Oasis taldearen ereserki garrantzitsuenen konpositorea, zapatu gaueko plater nagusietakoa izango da. Taldea historiako liburuetan betirako agertzearen arduradun izateagaitik gogoratuko dogu beti Noel.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!