'Jantza Plazetan' ekimenak lau alarde eta Munduko Folklore Topaketea dakarz

Bizkaie! 2018-07-04 13:16   Kulturea

Emonaldiak Arriagan izango dira garagarrilaren 8, 14, 21, 27, 28 eta 29an, arratsaldeko 19:00etan.

Bilboko Udalak, Bizkaiko Jantzarien Biltzarragaz lankidetzan, euskal jantzen lau alarde programau ditu domeka honetarako eta garagarrilaren 14, 21 eta 28rako (zapatuak), uriko plazatan eskainiko diran erromeria tradizionalen, jantza alardeen eta kalejiren bitartez euskal folklore herrikoia bultzatzeko asmoa dauen Jantza Plazetan programearen barruan.

Programea urte osoan zehar Bilboko auzo guztietan gauzatzen dan arren, aspalditik, garagarrilean alardeak eskaintzen dira Arriaga plazan, gure folklorea hurreratzeko udako hilebeteetan gure urira bisitan datozen personei, batez be.

Aurten, hilaren 27rako, Munduko Folklore Topaketea be atondu dabe, Portugaleteko Nazinoarteko Folklore Jaialdiagaz lankidetzan. Bertan, Panamako, Kenyako, Siberiako, Thailandiako eta Irlandako bost taldek hartuko dabe parte. Hilebeteko azken domekan, barriz, Bakioko Itxas-Alde Jantza Taldeagaz lankidetzan, Portugaleko Terras de Cambra taldearen txandea izango da.

Emonaldiak arratsaldeko 19:00etatik aurrera eskainiko dira, inguru horretan jente gehien ibilten dan orduakaz bat etorriz. Garagarrileko alardeak ondoko taldeek eskainiko ditue: Santutxuko Gaztedi jantzari taldeak, Basurtuko Beti Jai Alaik, Castañoseko Salbatzaile jantza taldeak eta Erandioko Goi-alde jantza taldeak.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu