Aurten Bilbon izango da Euskal Sozioloinguistika Jardunaldia zemendiaren 6an

Bizkaie! 2018-07-04 12:54   Kulturea

Hizkuntzen bizitasun digitalaren gaia nabarmenduko da aurten.

Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren X. edizinoa aurkeztu dabe Imanol Larrea Soziolinguistika Klusterraren zuzendariak eta Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko Euskera eta Hezkuntza Zinegotziak. Jardunaldiak aukerea emongo dau euskerearen bizibarritzearen inguruan aurrera daroezan ikerketa, barrikuntza eta garapen proiektuak ezagutu eta lantzeko.

Hizkuntzen bizitasuna eta etorkizuna bermatzeko baldintzei jagokenez, ikuspegi berezia behar dau ingurune digitalak. Hizkuntza komunidade bakotxak bere modura erantzun deutso azken hamarkadetan testuinguru barrietara egokitzeko etenbako erronkeari. Erantzun horreen arabera, euren bizitasuna indartu edo arriskuan jarten heldu diran hizkuntzak dagoz munduan, besteak beste, Bilboko Jardunaldian nazioarte mailako jokera nagusien barri izateko aukerea egongo da, arloaren ezagutza zuzena dabenen ahotik. Alde batetik, nazinoarte mailan gaia ikertu eta lantzen daben aditu erreferentzialak izango dira; eta bestetik, euskerearen kasua erarik sakonenean ezagutzen daben bertako eragileak.

Aurtengo barrikuntzetako bat da Hausnartu Sarien banaketa jardunaldian bertan egitea. Hausnartu euskal soziolinguistika esparruko ikerketak saritzen dituan lehiaketea da. Urtero, euskerea eta gizartea gai hartzen dituen ikerketa, azterketa eta hausnarketako hiru lan saritzen dira. Jardunaldian, 2018ko irabazleen barri emongo da eta saritutako lanen laburpenak zuzenean ezagutzeko aukerea izango da.

Aurrez aitatutakoaz gan, soziolinguistikearen eremuko ikerketa, garapen eta barrikuntza proiektuek lekua izango dabe egitarauan. Jardunaldian batutakoek martxan dagozan hainbat prozesutan ekarpena egin deien tailer parte-hartzaileak antolatuko dira. Horrezaz gan, Soziolinguistika Klusterraren proiektuetako ondorio esanguratsuak ezagutu ahal izango dira.

Jardunaldiaren egitarau zehatza irailean jakinarazoko da, izen-emoteko aukera zabaltzeagaz batera. 2018ko edizino hau Bilboko Udalagaz eta Euskal Herriko Unibersidadeagaz lankidetzan antolatu dau Soziolinguistika Klusterrak.

Euskerearen garapen sozialaren ikergunea da Klusterra. 2004an sortu zan eta ordutik honako ibilbidean ikerketa-esperientzia, harreman-sarea eta ezagutzea sortu eta metatzen joan da. Helburua da ezagutza soziolinguistikoa sortzea eta kudeatzea euskerea bizibarritzeko prozesuaren erronka, interes eta beharrei erantzuteko.

Horretarako bazkide, erakunde publiko, gizarte eragile, zientzia eragile eta bestelakoakaz alkarlanean proiektuak garatzen ditu, ezagutza teorikoaren eta arlo aplikatuaren arteko zubiak eregiz. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu