'Kantuetan Jantzan', ikuskizun berezi eta bakarra
2018-07-04 10:53 KultureaUrriaren 6an, musikea eta jantzea butzartuko ditue Bilbon.
Dana emon behar jako maite dan askatasunari idatzi eban Lauaxetak XX. mende hasieran, eta Mungiako Amilotx Jantza Taldeak herriko poetearen esaldia bere egin eta Kantuetan Jantzan ikuskizun berezi eta bakarra sortu dau, urriaren 6an, Euskaldunan, jantzea emon behar jakolako maite dan askatasunari.
Berezia, formatua ez dalako ohikoa. Eta bakarra, beste inon ez dalako errepetiduko, horrexek dira ikuskizunaren ezaugarri nagusiak. Kantuetan Jantzan-ek Euskal Herriko musika eszenan izen handiko musikari eta taldeak batuko ditu Euskalduna Jauregiko oholtzan; zuzenean izango dira Mungiako Amilotx Jantza Taldeko jantzariakaz batera. Emonaldiak ordu biko iraupena izango dau eta denpora tarte horretan abesti ezagunak entzuteko eta zitarako berebn-beregi atondutako abestien koreografiak ikusteko aukerea izango da.
Jentaurreko agerraldian, Iñaki Goirizelaia, Amilotx Jantza Taldeko irakaslea eta ikuskizuneko koreografia gehienen egilea izan da; eta ondoan ekitaldia babestu daben erakundeetako ordezkariak: Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera eta Kulturako Foru diputadua eta Ager Izagirre, Mungiako Udaleko alkatea izan ditu.
Kantuetan Jantzan-egaz batzen gaituan musikea eta jantzak oholtzan erakutsi nahi doguz. 2005. urtean Lauaxetaren jaiotzearen 100. urteurrenerako ospakizunerako koreografia barriak sortu genduzan; erronka handia izan zan guretzako, baina aldi berean, Euskal Jantzearen munduan ekarpen interesgarria egin geinkeala jaubetu ginan. Holan hasi ginan kantuak aukeratzen eta koreografiak egiten. Ordutik hona ugari sortu doguz, sustraiak eta gure ekarpenak buztartuz
Tradizinoa eta modernidadea nahastauta sorkuntzan pausu bat emon nahi izan dogu. Eta nork daki, Xabi Payak gure ikuskizun batean kantau eban lez, gure gaurko jantza barriak etorkizuneko jantza tradizionalak izan daitekez, adierazo dau Iñaki Goirizelaiak.
Ikuskizunaren atzean dagoan lanketeari jagokonez, oraingoz harrera bikaina izan dabela nabarmendu eta eskerrak emonnaz hasi dira ekitaldia aurrera eroaten lagundu deutseen Bizkaiko Foru Aldundiari, Mungiako Udalari eta Euskalduna Jauregiari, eta zelan ez, Kantuetan Jantzan ekitaldian parte hartzeko gonbita onartu daben musika taldeei.Jarraian, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako Foru Diputatuak hartu dau berbea: Kantuetan Jantzan ikuskizuna geure lurraldeko nortasuna eta talentua agiri-agirian jarten dauen ekimena da. Funtsezkoa da Bizkaian eta Euskal Herrian daukagun talentua erakustea, ikusgai bihurtzea eta balioestea, eta pribilegio handia da Euskalduna Jauregia tradizinoa eta abangoardia buztartzen dituan ezaugarri honetako ikuskizunaren eszenatoki izatea.
Beste alde batetik, Mungiako alkatea harro agertu da bere herrikideek izan dabe ekinbideagaitik: Holako erronka bati aurre egiteko gaitasuna izatea aitagarria da, baina ez harritzekoa. Ezaguna jaku euren mailea eta kalidadea. Baina harago joanez, txalotzekoa da gure herriari egiten deutsien ekarpena. Herri batek ez dau irauten bere jatorriari eutsiz egoera barrietara ez bada egokitzen. Are gehiago, gure moduko herri txiki bat. Eta hori da Amilotxek egiten dauena: gure herriaren nortasuna hartu, eutsi, transmitidu, egokitu eta
adierazoteko forma barriak sortu, esan dau Ager Izagirrek.
Musika talde erreferenteak
Kantuetan Jantzan ikuskizunean bost musika taldek konpartiduko dabe Euskaldunako oholtzea. Euskal Herriko musika eszenan izen handiko taldeak izango dirala aurreratu dau Goirizelaiak: Ruper Ordorika, Antton Valverde, Itziarren Semeak, Oreka TX eta Korrontzi. Eta dagoeneko geugaz ez dagozan, baina euren kantuakaz hilezko bihurtutako Mikel Laboa eta Xabier Lete, zehaztu dau. Musika taldeak hautatzeko erispideez galdetuta, musika estilo desbardinak buztartzeko saiakera egin dabela nabarmendu dau.
Kantuon koreografia gehienak Amilotx Jantza Taldeak sortu ditu: Euskal jantzetan oinarrituta gure estilo propioa sortu dogu, jantza klasikoa eta garaikidearen eraginagaz. Guztira hogeita bost jantzarik parte hartuko dabe eta musika taldeak aukeratzeko erispìdeari eutsiz, estilo desbardinak nahastauta.
Iñaki Goirizelaiak azaldu dauenez, koreografiak sortzeko momentuan gure barrruan zeozer mobiduten daben estilo desbardineko musikak eta taldeak aukeratu doguz. Barruko har hori mobiduten danean, koreografiak sortzea posible da, zeozelako deiadar baten moduko sentsazinoa da. Era berean, erritmoak eta letrak erakargarriak izan behar dabe, askotan, bizitzan izandako esperientziakaz lotuta.
Ekitaldia Xabier Payak gidatuko dau, eta hainbat sorpresa izango dirala iragarri dabe aurkezpen prentsaurrekoan, baina sorpresak urriaren 6an argituko dira.
Sarrerak, salgai
Kantuetan Jantzan ikuskizunerako sarrerak dagoeneko salgai dagoz Euskalduna Jauregiko webgunean (www.euskalduna.eus), 18 €ko prezioan. Prentsaurrekoa amaitu aurretik, urriaren 6ko hitzordua urrun egon arren eguna agendan gordeteko gonbita egin dabe: Lagunartean edota familia giroan ikustera etorteko modukoa da. Sarrerea erosten daben guztiak ez dira damutuko. Eta ganera, gero kontau ahal izango dau bertan egon zala, ikuskizuna ez baita errepetiduko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!