Heriotzea ez danean bidearen amaierea
2018-06-28 08:20 BidaideNe'patu-k 30 urte egin ditu hilkutxa baten sartuta. Edonork berehala esango leuke hilda dagoala, baina Indonesiako Tana Toraja-ko biztanleentzat, tomakula dago.
Ne'patu-k itxura eskasa dauka. Argal-argal dago, begiak hondoratuta desagertu arte, eta berbarik ezin dau egin. Logikoa be bada, izan, Ne'patu-k 30 urte egin ditualako hilkutxa baten sartuta. Edonork berehala esango leuke hilda dagoala, baina Indonesiako Sulawesi uharteko basoetan dagoan Tana Toraja-ko biztanleak ez dagoz konforme. Eurentzat, Ne'patu tomakula dago. Hau da, hilurren. Badakie ez dana osatuko, arpegira begiratzea nahikoa da horretaz jaubetzeko, baina ez dabe esango hilda dagoanik -euren hizkuntzan, tomate-, merezidu dauen enterrua egiteko modua daukien arte.
Silas lobea egunero joaten da Ne'patu dagoan egurrezko etxera, gelea garbitu, gorpua aireztau eta zigarroa eskaintzeko, baina, pentsetakoa danez, azkenean Silasek bakarrik erre behar izaten dau. Ezin izan deutsagu lur emon, horretarako senide guztiek alkarregaz ondo konpondu behar dabelako, eta arazoak dagoz herentzia banatzeko orduan, azaldu dau. Harmonia behar da Ne'patu-k paradisurako bidea hartu deian.
Baina horrenbeste denpora pasau danez, Ne'patu ez dago bakarrik. Semeetako bat, Tandi, urtarrilean hil zan bihotzeko arazoen ondorioz, eta orain biak dagoz gela berean, mendebaldera begira, hau da, bizitzearen sinbolo dan iparraldearen eta heriotzearena dan hegoaldearen arteko erdibidean. Ne'patu-k ia ehun urte eukazan hil zanean, baina Tandik 36 baino ez. Lau urte egin zituan kartzelan hilketa bategaitik eta askatu ebenean zoratu egin zan. Eskerrak bihotzekoak emon eutsan dino Silasek, gaztea jagoteaz be arduratzen da eta. Gorpu biak formolean gordeten ditue eta senideek pakea egiten dabenean emongo deutsie lur. Holan dirua aurreztuko dabe, amaitu dau Silasek.
Toraja herriko enterruak ez dira kontu makala. Kasu batzuetan, ospakizunaren fakturea 200.000 eurokoa be izan leiteke. Munduko beste leku guztietan jenteak hipotekak erabilten ditu etxea pagetako. Hemen, torajak zorretan sartzen gara gure ingurukoen hiletakaitik, dino, irribarrez, toraja herri bateko buruzagia dan Marno-k. Gurasoei lur emoteko eskatu eban hamar urterako mailegua ordaintzen dago bera be, eta Yohanis Pantun eta Alfrida Tottong ezkon-bikotearen omenezko ospakizuna ikusita, garbi dago ez dabilela guzurretan.
Andrea 2012an hil zan, baina senarrak ez eutsan lur emon nahi, haren faltea eukalako. Gorpuaren alboan bizi izan zan bost urtez, harik eta gizona be hil egin zan arte, 2017an, 78 urtegaz. Orduan, bikotearen zazpi seme-alabak enterrurako dirua batzen hasi ziran. Danetara, 1.000 miloe errupiako fakturea. Hau da, 62.000 euro. Bederatzi eguneko ospakizuna ordainduko dabe horregaz, prozesino ugariduna eta 24 bufaloren sakrifizioa ekarriko dauena. Animaliak dira karuena. Baina uste dogu jentea ez dala hil haren omenezko lehenengo bufaloa hilten dan arte, hortaz, ezin dogu huts egin, azaldu dau Marnok.
Mila lagun baino gehiago joan dira erritualetara. Familiak behin behineko eraikin batzuk altzau ditu Yohanis eta Alfrida bizi izan ziran tongkonan-aren -Tana Torajako ontzi itxurako etxe tipikoaren- inguruan, arratsalderoko euriteetatik babesteko. Erdian, tau-tau bi, hildakoen itxuradun egurrezko figura bi. Harrigarria da zelako detailez egin dituen eta zelako pozik ateratzen dituan jenteak selfieak figura bien alboan.
Hil ziranetik urteak pasau badira be, familiak ondo jagon ditu, gaixorik egon balira legez, garbitasunaz arduratuta eta jetekoa zein edatekoa eskainita. Usteldu eta itxura desatsegineko momia bi bihurtu diran arren, jenteak negar egiten dau hilkutxa gorri zilindriko banatatik gorpuak ateratzen dituenean eta zeremoniako abade kristauak agurreko berbak esaten dituanean. Gehienok kristauak gara, baina ez doguz gure erritual animistak baztertu gura, eleizearen gustukoak izan ez arren, azaldu dau Marnok.
Beste abade bat Buntau herrira joan da, Lince Rubu 90 urtegaz eta era paketsuan hil dan lekura. Haren senideak hilbarriaren egurrezko etxe apalean alkartu dira, Lince tomakula izentauko daben ospakizun laburrean parte hartzeko. Baina prozesurik garrantzitsuena ondoren dator, jiringa eta maskarilladun gizon biren ardurapean. Formaldehidoa sartuko deutsie gorpuari, Lince egoera onargarrian konserbau daiten, senideek enterrurako nahikoa diru batu bitartean.
Kobazulo natural baten hilobiratu nahi dogu, antxina egiten zan legez, dino hildakoaren alabeak. Toraja asko ohiko hilobi eta nitxoak erabilten hasi diran arren, hilotzari atsedenleku natural bat topetako ohitureari eutsi deutsie, batzuek labarretako harrian zuloak egiten ditue horretarako. Kobazulo horreetako batzuk, menderik mende erabiliak eta hazurrez beteak, Indiana Jonesen hurrengo pelikulearen agertoki izateko modukoak dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!