Bilboko Aste Nagusiko sei kartel finalistak aurkeztu ditue
2018-06-27 13:34 KultureaGaragarrilaren 2tik aurrera, herritarrek gogokoenaren aldeko botoa emon ahal izango dabe.
Aste Nagusia hasteko hile bi baino gitxiago falta diran ezkero, aurtengo kartela aukeratzeko prozesua aurrera doa. Epaimahaiak sei finalista aukeratu ditu aurkeztutako 175 proposamenen artean eta gaur erakutsi deutsiez publikoari lehenengo aldiz. Bilboko Udaleko Jaietako zinegotzi Itziar Urtasunek gogora ekarri dauenez, aurtengo Aste Nagusia berezia izango da, 40. urteurrena beteko dauelako.
Honeek dira aukeratutako sei kartelen izenburuak: Nola soinu hala zeinu; Zazpi bikote; Denok bat; Disfrutarás las fiestas y respetarás las del prójimo como si fueran tuyas; Pinjaia; eta Rock stars (strike a pose). Danetara, 175 kartel aurkeztu ditue aurten (igaz, 160) eta gehienak Bilbo eta inguruetatik heldu badira be, Urtasunek azpimarratu dau urrunagotik be bialdu dituela batzuk.
Sei finalistak aukeratzeko orduan, epaimahaiak kontuan hartu ditu lehiaketako oinarri guztiak betetea eta baita alderdi estetikoa be. Itziar Urtasunen arabera, baina, era honetako ebatzi baten ezinbestekoa da alderdi emozionala be gogoan izatea, kartelek jaiaren izakereagaz bat egin behar dabe.
Urtasun bera epaimahaiko kidea da, Jai Batzordeko presidentea dalako. Asier Abaunza eta Goyo Zurro zinegotziak eta Jai Batzordeko ordezkari bat be badagoz. Eurakaz batera, diseinuaren eta komunikazinoaren arloko bost profesional: Toño Valcuende, Maylin Vergara, Jose Felix Ruiz, Miryam Artola eta Eduardo Piedrola.
Behin sei finalistak ezagututa, herritarren txandea izango da. Behin betiko irabazlea eta, hortaz, 2018ko Aste Nagusiko kartela izango dana aukeratzeko, herritarren eretxiak % 66ko pisua izango dau. Garagarrilaren 2tik 6ra, Bilboko Euskal Museoan ikusgai egongo dira sei kartelak eta bertaratzen diranek botoa emon ahal izango dabe. Udalaren webgunearen eta komunikabide batzuen bidez be botoa emoteko modua egongo da.
Ganerako % 33, ostera, sei finalistak aukeratu dituan epaimahaiaren eretxiaren araberakoa izango da. Hiru bideak batuta (bozketa presentziala, webgune eta komunikabideen bidezkoa, eta epaimahaia) jakingo da nork irabazi dauen. Kartel horren egileari 3.000 euro emongo deutsiez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!