Manifestu bi plazaratu ditu E28 koordinadoreak
2018-06-26 13:37 KultureaLGTB+ kolektiboko emakumeen burrukea gogoratzen dau lehenengoak; bagilaren 28ko ekitaldien merkantilizazinoa salatzen dabe bigarrenagaz.
LGTB+ kolektiboaren harrotasunaren eguna da bagilaren 28a eta bere aldarrikapenak kalera aterako ditu E28 koordinadoreak, Bizkaiko LGTB+ talde, mobimendu eta alkarteak batzen dituan plataformeak. Eguenean bertan, 20:00etan, manifestazinoa egingo dabe Bilboko Zabalburu plazan, eta herritar guztiei dei egin deutsie bertaratu eta eguneko aldarrikapenakaz bat egitera.
Bestetik, bagilaren 29an, barikua, egitarau berezia atondu dabe Bilbon bertan. Arratsaldeko 18:00etan, Zazpi Katu gaztetxean, Las Kapritxosas taldeak Ba al dago lekurik? ikuskizuna eskainiko dau. 20:30ean, Bilborocken, Bixa travesty dokumentala proiektauko dabe eta, gauean, Zazpi Katun, LGTB+ jaia egongo da, DJ eta guzti.
Bilbon gay harrotasunaren lehenengo manifestazinoa egin zaneko 40. urteurrena beteko dan honetan, E28 koordinadoreak LGTB+ aktibosmoan dabizan emakumeak gogoratu nahi ditu. Manifestu baten bidez, urteotan guztiotan emakumeek egin daben burrukea eskertu eta ikusgai bihurtzea da asmoa. Alkarregaz aurrerapen handiak egin dituela gogoratu dabe, baina oraindino asko dagoala egiteko.
Lesbofobiak, bifobiak eta transmisoginiak eragiten daben indarkeria salatzen dau manifestuak. Trans emakumeek jasandako eraso gogorrak gogoan hartzen ditue testuan, batez be arrazializadutako trans emakumeen kontrakoak. Ganera, emakumeak barik, mozorrotutako gizonak diralakoan, mespretxua jaso dabe.
Emakume lesbianak eta bisexualak be aitatzen ditu manifestuak. Gizonen eta heterosexualidadearen ikuspegia ezarri eta euren nortasuna ukatu izan jake, eta nahi ez dituen hartu-emon afektiboak izatera behartu ditue. Eskubide sexual eta ugalketa-eskubideen aldeko burrukan be buru-belarri dabizala ohartarazoten dau manifestuak. Zisheteropatriarkaduari aurre egiteko lanean, LGTB+ emakumeak alkartzeko deia egiten dau, baina bakotxaren bizipenetatik abiatuta.
Horrezaz gan, bigarren manifestu bat be publiko egin dau E28 koordinadoreak, bagilaren 28ko nazinoarteko aldarrikapenak azken urteotan hartu duen norabideari kritikea egiteko. Izan be, koordinadoreak salatu dauenez, erakundeek euren intereserako erabilten dabe LGTB+ harrotasunaren eguna, eta sistema kapitalista eta merkantilistearen tresna bihurtu dabe.
Manifestuak garbi lagatzen dau gauza bat: Gu ez gara dirua egiteko makinak, gure burrukea antikapitalistea da. Merkadu neoliberalaren barruan, arerio izatetik interes izatera pasau da LGTB+ mobimendua, sistemeak hortik etekina atera leikela ikusi dauelako. Pinkwashing izeneko estrategia munduko gobernu handiek erabilten dabela salatu dabe. Hau da, itxuraz LGTB+ aldarrikapenen alde agertzea, giza eskubideen beste urraketa batzuk estaltzeko.
E28 koordinadoreak salatu dauen jokera hori bertora be heldu dala ohartarazo dabe, Bilbao Pride dalako programea da horren adibide nagusia, erakundeek bultzatua. Ostadar koloreko alfonbrearen azpian erratza pasetea ei da hori. Euren aldarrikapenen merkantilizazinorik ez dabenez onartzen, E28 koordinadorakoek Zabalburuko manifestazinora joateko deia egin dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!