Erro diskoetxea jaio da
2018-06-25 08:04 MusikeaIzaki Gardenak, Montauk eta Joseba B. Lenoir taldeetako kideak dagoz sortzaileen artean.
2018ko neguan hasi ziran ideari bueltak emoten eta autoprodukzinoaren aukerea baztertu barik, denporagarrenean Erro jaio da. Lanen jaube % 100 izatea eben helburu baina egoera horrek gehienetan bakarka lan egitea eta horrek, besteen esku ixten ez dan lana norberak egin behar izatea dakar.
Diskoetxe sortu barrian diran taldeek badabe musika estiloan antzekotasunik, AEBetako soinuetarako jokerarik. Eta horrek emoten deutso zigiluari estilo uniformetasun bat. Baina aurrera begira beste estilo batzuetako taldeei ateak zabalik itxi deutsiez.
Gasteizen sortu da diskoetxea, eta, printzipioz, bertan eta bertatik jokatuko dabe. Zigiluaren erakusleiho izango dan web orria be aurkeztu dabe eta ohiko sare sozialetan euren jarduna jarraitzeko aukerea izango da. Harremanetarako eposta bat dago erabilgarri: info@erro.eus.
Esandakoak esanda, hasieran hiru taldek osotzen dabe zigilua, eta hiru taldeon lanak kaleratuko ditu 2018an. Lehenengo erreferentzia, eta dagoeneko plataforma digitaletan topau daitekeena, Joseba B. Lenoirren singlea da. Izaki Gardenak eta Montauk taldeek udagoienean kaleratuko ditue euren diskoak, biak datorren astean sartuko baitira grabaketa estudioan.
Joseba B. Lenoir
Kantu biko singlea aurkeztu dau udabarrian Joseba B. Lenoirrek. Hasieran digitalean aurkeztu arren, orain formatu fisikoan kaleratu dau (CDan) eta udagoienerako biniloan izateko asmoa be azaldu dau. Spencer P. Jones-en bersino bat dago batetik (Haiek izorra nahi haute), eta bestetik Josebaren beraren kantu bat (Kantu odolustuen bluesa). Diskorako talde barria be osotu dau, formatu berezikoa: bateria bi, gitarra bi, abeslari bi, teklatua eta baxua.
Uda honetan hainbat kontzertu emongo ditu eta, oraingoz, kontzertuotan baino ezin izango da erosi lan hau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!