Euskadiko Ikasleen Orkestra Gazteak egonaldia hasi dau gaur Urdaibain
2018-06-25 08:05 MusikeaEuskal Herriko Gazte Abesbatzagaz eta Euskeria eta Loinatz abesbatzakaz eskainiko ditu EIO Gazteak 2017-18 denporaldiko kontzertuak
Amaitu dira eskolak. Hasi dira oporrak. Eta luzea da udea. Baina Euskadiko Ikasleen Orkestrako gazteek, oporraldia hasteagaz batera partiturak eta musika tresnak hartu ditue barriro, saioei gogotik ekiteko. Ez dabe plan txarra: lo-zakua, bainu-jantzia eta txankletak be sartu ditue motxilan, eta Ajangizko Lurraska aterpetxera abiatu dira goizean, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbara; bertan egingo dabe egonaldia gaur hasi eta barikura arte, asteburuko kontzertuak atontzeko saioetan sartuta. Gustuko lekuan, aldatzik ez!
Gauzak holan dirala, 13-15 urte bitarteko 92 neska-mutilek osotzen dabe EIO Gaztea (Euskadiko Ikasleen Orkestra Gaztea), eta guztiak dira Euskadiko musika eskola eta konserbatorioetako ikasleak. Zapatuan Gasteizen eta domekan Donostian eskainiko dituen kontzertuek badabe berezitasunik, baina aitagarrienak bi dira: Lehenengoa, hiru abesbatzakaz batera eskainiko dituela kontzertuak gazteok: Euskal Herriko Gazte Abesbatzagaz eta Euskeria eta Loinatz abesbatzakaz. Eta bestea, kontzertu-programako pieza guztiak euskal konposatzaileenak izango dirala.
Goiz eta arratsaldez ibiliko dira errepertorioa lantzen Ajangizko aterpetxean, astelehenetik eguenera. Txaber Fernandezen zuzendaritzapean, musikea ez eze, Urdaibai inguruan aisialdiko ekintzatarako edo bestelako denpora-pasarako be izango dabe astia. Aukera bikaina, beraz, musikarako zaletasuna daben neska-mutilen arteko lagunartea sortzeko.
Barikuan, barriz, gorago aitatuko hiru abesbatzakaz batuko dira Bilboko Konserbatorioan eta han egingo ditue saio nagusiak; danetara, 80 lagun inguru batuko jakez EIOko neska-mutilei hiru abesbatzetatik. Bariku arratsaldeko saio nagusia publikori edegia izango da.
EIO, Euskadiko Ikasleen Orkestrea
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen dauen hezkuntza-proiektu musikala da. Etorkizuneko euskal musikarien trebakuntza musikalean bidelagun izan nahi dauen ekimen honek, musikea jentaurrean eta orkestra bateko kide lez jo deien plazea eskaintzen deutse ikasle gazteei. EIOren helburu nagusia musika konserbatorioetako eta eskoletako ikasleei heziketa sinfonikoa eta orkestra-heziketea eskaintzea da. Batetik, ikasleen motibazinoa piztu nahi dau EIOk, musika ikasketetan jarraitu deien; eta bestetik, konserbatorioetan ikasleek landu ezin izango leukien errepertorio sinfoniko zabala joteko aukerea emon.
Euskadiko musika irakaskuntza zentroetan ikasten dabizen neska-mutilek osotzen dabe, eta edadearen arabera, proiektuak hiru orkestra desbardin ditu:
- EIO: 15 urtetik 18-19ra bitarteko ikasleek osotzen dabe. 2005-2006 ikasturtean jaio zan.
- EIO Gaztea: 13-15 urte tarteko neska-mutilak. 2010-2011 ikasturtean sortua.
- EIO Txikia: 10 urtetik 13ra bitarteko ikaslez osotua. 2015-2016 ikasturtean jaio zan.
EIOk urtero-urtero antolatzen ditu musika eskola eta konserbatorioetako ikasleentzako sarbide-probak, hiru orkestrok osotuko dituen musikariak hautatzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!