Bilboko XXX. Bilbainada Lehiaketeak baditu irabazleak
2018-06-25 08:01 MusikeaSariak abuztuaren 24an emongo ditue, Aste Nagusiko ohiko bilbainada kontzertuen barruan.
2018ko XXX. Bilbainada Lehiaketako epaimahaiak, José María Larrazabalek idatzitako Naturaren eskutik lanari emon deutso euskerazko bilbainada onenaren saria. Gaztelaniaz idatzitako bilbainadarik onenari emoten jakon saria, barriz, Fernando Ibarraren Joya Europea 2018 lanak jaso dau. Bakotxak, garaikurraz gan, 955 euroko saria jasoko dau. Ekimenaren helburua, Bilboko betiko abestiaren musika sorkuntzea bultzatzea eta jairako espirituari eta tradizinoari eustea da.
Kontuak kontu, 420 euroko saria jasoko daben zortzi akzesitak ondokoak dira:
Azul Bilbao. Maite Garmendia.
Pongamos que hablo de Bilbao, Roberto Gutiérrez de Rozas.
Ondo Bilbao, Miguel Ángel Gómez Urtiaga.
Farolín y Zarambolas, Aurelio Marroquín Gómez.
Bilbao y las bilbainada, Ángel Gorostidi.
Los patos de la ría, Rosa Belén López Rodríguez.
Bilbao, capital europea, Aurelio Marroquín / Luis Fernando Estévez.
Bilbobus de aniversario, Guillermo Garmendia.
Sari banaketa ekitaldia Aste Nagusiko barikuan (abuztuaren 24an) izango da Casilda Iturrizar Parkeko Pergolan, eguerdian, egun horretako bilbainada kontzertuaren barruan. Sariak Bilboko Alkateak, Juan Mari Aburtok, eta Udaleko beste kide batzuek emongo ditue.
Ohikoa danez, Bilboko Udalak, XXX. edizino honetako abesti irabazleak jasoko dituan disko bat argitaratuko dau, musikari profesionalek grabauta. Diskoa Arriaga Antzokian egingo dan abenduaren 23ko galan aurkeztuko da. Igaz, gaztelaniazko lan irabazlea Matías Berrocal Moreren El tesoro de Bilbao izan zan, eta euskerazkoa, José María Larrazabalek idatzitako Euskal pilota Bilbon lana.
Bilbainada lehiaketea, gure uriaren egunerokotasuna erakusten daben abesti bildumea bihurtu da urteak igaro ahala. Konposizino horreek Bilboren historia dakarre, arkitektura lanetan, garraiobideetan, erakundeetan edo pertsonaia enblematikoenetan oinarrituta. Lehiaketeak upealako erantzuna dauka herritarren artean, eta, normalean, hogei abesti inguru aurkezten dira.
Saritutako abestiez gan, edizino honetako epaimahaiak Ohorezko Don Diego sari berezia emon deutse, Bilbon hain sustraituta dagoan musika genero honi eskainitako laguntzinoagaitik, Patxi Amezaga urteotan guztiotan abesti irabazleen diskoak argitaratu dituan grabazino estudioaren eta disko etxearen arduradunari eta José María Amantes konpartsakide nekaezin, hainbat edizinotan epaimahaiko kide eta urte luzez Aste Nagusiko goizetako kontzertuen dinamizatzaileari.
Aurtengo epaimahaiko izan dira: Nekane Alonso, Kultura Zinegotzia; Itziar Urtasun, Bardintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jai Zinegotzia; Enrique Campos, Nervión Taldeko (TeleBilbao – Radio Nervión) Zuzendaria; Iñaki Uranga, abeslaria; Ana Madariaga, Bilbao Musikako Gerentea, eta Amagoia Loroño Akordeoi Orkestrako zuzendaria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!