Euskal bandak protagonista, Bermeoko XXI. Jazzaldian

Bizkaie! 2018-06-25 09:02   Musikea

Bagilaren 30etik garagarrilaren 6ra egingo dabe Busturialdeko jazz jaialdi bakarra.

Joseba Verdes eta Aingeru Astui (argazkia: Bermeoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aingeru Astui Bermeoko Udaleko zinegotziak eta Joseba Verdes Jizz-Jazz alkarteko kideak aurkezpen ekitaldian azaldu dabenez, aurtengo edizinoan euskal taldeei emon deutsie lehentasuna eta, hortaz, egitarauko gehienak bertokoak dira. Euskal Herrian talde oso onak daukaguz eta Bermeoko Jazzber euren lana herriari aurkezteko agertoki ezin hobea dala uste dogu, nabarmendu dabe.

Bermeoko jazzaldiaren 21. edizinoan kalidadezko programa erakargarria atondu dabela dinoe, herriko eta inguruko zaleak gogoan. Izan be, Busturialdeko jazz jaialdi bakarra da Jazzber. Antolatzaileen arabera, helburuak dira Busturialdean zaletasuna eta ezagutzea bultzatzea, jazz mundua herrira hurreratzea eta jazz musikearen jokera barrienak ezagutarazotea. Ganera, sortzaile gazteei bultzadea emoten be ahalegintzen dira.

Zapatuan, hilaren 30ean, hasita, lau kontzertu egongo dira aurten Jazzberren. Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestreak zabalduko dau egitaraua eta, garagarrilaren 4an, Trizak hirukotearen txandea izango da. Jon Piris bermeotarrak bultzatutako proiektua da azken hori. 5ean, Pepe Zaragoza Quintet Valentziako taldea helduko da Bermeora, Getxoko Jazzaldian parte hartu eta gero. Amaitzeko, garagarrilaren 6an, Gasteizko DND Swing Band izango da protagonista.

Kontzertu guztiak Kafe Antzokian izango dira, 20:30ean, doban. Aingeru Astui zinegotziak adierazo dauenez, gure helburua da herritarrak kulturearen parte eta jaube izatea eta, hori lortzeko, gakoa Udalaren eta herriko taldeen arteko alkarlana da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu