Pablo Milanesek kontzertua emongo dau Bilbon bagilaren 23an
2018-06-22 08:51 MusikeaZortzi urte geroago, trobadore bikaina Bilbora itzuliko da, Esencia birearen barruan
Pablo Milanes Kubako Troba Barriaren ordezkari bikainak Bilbo sartu dau Esencia birearen barruan. Kantautoreak kontzertua eskainiko dau bagilaren 23an, zapatuan, 20:00etan, Euskalduna Jauregian. Bizkaiko uriburuan azken kontzertua eskaini eta zortzi urte geroago, Pablo Milanes Bilbora bueltauko da, Saguburu Produkzinoak etxearen eskutik. Benetako ereserki bilakatu diran akantuak ekarriko ditu, besteak ebste, Yolanda, El breve espacio en que no estás edo Yo no te pido.
Pablo Milanes hirukote moduan agertuko da taula gainean, Caridad Varona (txeloa) eta Ivonne Tellezek (pianoa) lagunduta. Ahotsa gitarreagaz lagunduta, kantautore kubatarrak bere errepertorioko abesti antologikoak eskainiko ditu, De qué callada manera, Para vivir edo El tiempo pasa, eta abesti berriak be bai, berbarako, Vestida de mar edo Días de Luz.
Pablo Milanesen ibilbide luze eta arrakastatsuan bakarkako 40 disko baino gehiago eta taldekako diskoetan partaidetza zabala jasoten dira. Kubako Troba Barriaren sortzaileetakoa, musikearen mundua irauli eban, mugak gainditu dituen eta gaztelaniazko musika unibersoan ezinbesteko bilakatu daben melodiak eta letrak idatziz. Kantautore kubatarra hainbat lanetan dago sartuta orain: Kubako Troba Zaharraren abesti handiak berreskuratuko dituan diskoa, Jose Maria Vitier piano maisuagaz, jazz amerikarraren estandarrez osotutako diskoa, Kubako musikari gazteakaz, bere abestien artetik azpimarragarriak jasoten dituan saltsa diskoa, Dagoberto González Jr.-ek produziduta, eta abesti barriez osotutako diskoa.
Pablo Milanesen diskografia 1973an hasi zan, Haydee Santamaria Iraultzako heroiaren eta Casa de las Américas izenekoaren zuzendaria zanaren laguntzinoagaz grabautako Versos Sencillos lehenengo diskoagaz. Gero, beste askoren artean, Chico Buarqueren, Mercedes Sosaren edo Luis Eduardo Auteren lankidetzea dauen eta 1985ean argitaratutako Querido Pablo etorri zan. Hiru urte geroago, Pablo Milanesek musika egitasmo handiari ekin eutson, 1988an, 22 kontzertu eskainiz Kuba alderik aldera hartu eban Amo esta isla birea. Ondoren egindako lanen artean, Víctor Manuelegaz batera grabau zituan disko biak, Mucho más que dos (1994) eta En blanco y negro (1995), eta Despertar (1997) nabarmendu daitekez, baita 2006an Kantautore Onenaren Grammy Latino Saria irabazi eban Como un campo de maíz, eta Andy Montañezegaz izandako lankidetzearen ondorioz Disko Tropikal Tradizional Onenaren Latino Saria irabazitako AM/PM, Líneas Paralelas diskoa be, beste askoren artean. Horrezaz gan, artisteak beste hainbat sari be irabazi ditu, 2015ean, bere ibilbide artistikoagaitik emon jakon Bikaintasunaren Grammy Latino Saria, eta La Mar de Músicas Jaialdiko Sari Berezia, 2017an irabazitakoa. Milanesen azken diskoa Renacimiento da, eta 2013an kaleratu eban.
Protesta abestiaren ordezkari handia, maitasuna eta konpromiso politikoa eta soziala dira bere lanen ardatz nagusietako bi. Pablo Milanes datorren bagilaren 23an, San Juan bezperan, egongo da Bilbon bere abesti maitagarrien bitartez gau berezi horren espiritu magikoan gehiago sartzen lagunduz.
Kontzertu bikain horretarako sarrerak salgai dagoz 38 eurotik 62 eurora bitartean, Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, webgunean eta zerbitzu anitzeko Kutxabank kutxazainetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!