EHUren Udako Ikastaroak, martxan

Bizkaie! 2018-06-20 09:14   Kulturea

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru, Miramar jauregian egin dabe 2018ko ekitaldiaren inaugurazino ofiziala.

Miramar jauregian egindako ekitaldi instituzionala (argazkiak: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ikasturtean zehar emoten diran ikasgaien osogarri eta gizartearen azken jokerei adi, EHUren Udako Ikastaroek eskaintza zabala dakarre aurten be. Lehenengo ikastaro presentzialak maiatzaren 28an hasi ziran arren, orain modu ofizialean emon deutsie hasierea, Donostiako Miramar jauregian egindako ekitaldi instituzionalean.

Han izan dira Eusko Jaurlaritzako ordezkari gorenak: Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua. EHUren partetik, Nekane Balluerka errektorea eta Carmen Agoues Udako Ikastaroen zuzendaria. Eurakaz batera, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea eta abar.

Urkullu Lehendakariak nabarmendu dau unibersidade publikoaren ateak zabal-zabalik dagozala udan be, eta herrialde garatu batek unibersidade-sistema bikain eta aktiboa behar dauela. Gizarteak eta unibersidadeak alkarregaz egin behar dabe aurrera, bikaintasunerako bidean. Hartara, inbersino eta estrategietan hezkuntzeari lehentasuna emotea beharrezkoa dala uste dau Lehendakariak, eta ikerketea bultzatzea.

Urrira arte egongo dira martxan EHUren XXXVII. Udako Ikastaroak. Guztira, 191 kurso eta jarduera antolatu ditue, gaur-gaurko gaiei lotuak eta era askotako jakintzen ingurukoak. Biltzarrak, profesionalentzako jardunaldiak, tailerrak eta abar dagoz tartean, ohiko ikastaroakaz batera. Internet bidezkoak dira batzuk. Miramar jauregia erdigune dala, Gipuzkoako hainbat lekutan egingo ditue ikastaroak, baita Lesakan be. Horrezaz gan, 25 ikastaro Bizkaian izango dira eta Araban, bederatzi.

Ikastaroen inguruko argibide guztiak, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu