'Maitatu zure egunak' poesia liburua plazaratu dau Pako Aristik

Bizkaie! 2018-06-20 08:33   Kulturea

Poesiaren oinarrira joten ahalegindu da, sobran dagozan elementuak kenduta.

Pako Aristi, Donostian egindako aurkezpenean (argazkia: Erein) | Ikusi handiago | Argazki originala

Pako Aristiren seigarren poesia liburua da Maitatu zure egunak (Erein). Askotariko jardun literarioa da Aristirena, narrazinoak, nobelak, saiakerak, biografiak eta abar idatzi ditu, baina poesiaren helburua desbardina dala uste dau, Donostian egindako aurkezpenean azaldu dauenez. Olerkia genero berezia dala dino, hirugarren dimensino baten modukoa. Hortaz, poesia idazteko arauak be desbardinak dira, esaldi edo pasarte labur baten tximista moduko bat sortzea da giltzarria; bizitzako gauza txikien bidez osotasunaren antzeko zeozer eregitea.

Maitatu zure egunak lan barri honetan, hain zuzen be, sintesi lana egin dau Pako Aristik, poesiak behar dauen laburtasunaren bila. Batetik, idatziak izan dituan poemen artean batzuk baino ez ditu aukeratu, poesiaren ikuspegi horregaz bat datozanak baino ez. Idazlearen arabera, 145 testu zituan libururako, baina erdiak baino gehiago baztertu ditu.

Bestetik, olerki bakotxa ahalik eta zehaztasun handienera ekarten ahalegindu da, sobran dagozan berbak, esaldiak eta pasarteak kenduta. Orain dala 22 urte, lehenengo poesia liburua argitaratu ebanean, bere estiloa narratiboagoa zala dino Aristik, baina ikuspegia goitik behera aldatu dau. Poesiaren oinarriaren bila ibili da azkenaldion eta horrek ordu asko kendu deutsaz, ez dalako erraza olerki bakotxean zer dagoan sobran topetea eta ezer faltan ez lagatzea.

Bost gai nagusi jorratzen ditu Aristik liburuan: harridurea; gizartearen eta norbanakoaren arteko tensinoa; zahartzaroa; egia; eta ego-a. Horretarako, poesia astunegia ez egiten ahalegindu da, liburuari arintasuna emoteko. Formatu aldetik be, patrikan eroateko moduko liburua egin nahi izan dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu