Nazinoarteko bederatzi banda XIII. Haizetara jaialdian

Dabi Piedra 2018-06-19 12:01   Musikea

Fanfarre eta kaleko musikearen topaketa hau hilaren 22tik 24ra egingo dabe, Zornotzan.

Luciano Martinez, Luisja Ugarte, Andoni Agirrebeitia eta Andoni Iturbe | Ikusi handiago | Argazki originala

Zornotzako kale eta plazak girotuko ditu XIII. Haizetara jaialdiak barikutik domekara bitartean, bertoko eta kanpoko bederatzi talderen doinuei esker. Tradizinoa eta modernidadea lotzen ditu Haizetarak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari Andoni Iturberen arabera, izan be, kaleko musikarien beti-betiko ohiturea eta gaur egungo jokera barritzaileenak buztartzen ditue parte-hartzaileek.

Lehiaketea da, izatez, Haizetara eta, hortaz, aurtengo egitaraurako aukeratutako bederatzi bandek hiru sari izango ditue jokoan: Sari Nagusia (10.000 euro) eta musikari onenarena (1.000 euro) epaimahaiak emongo ditu. Publikoaren saria, 4.000 eurokoa, herritarrek erabagiko dabe. Taldeen motibazinoa eta jentearen parte-hartzea indartzeko aukeratu genduan lehiaketearen formatua lehenengo edizinotik, azaldu dau Luisja Ugarte jaialdiaren arduradunak.

Antolatzaileek egindako deialdi edegira 56 banda aurkeztu ziran eta bederatzi aukeratu ditue: Miwa e i suoi Componenti (Grosetto, Italia), Pastors of Muppets (Saint-Paul-les-Dax, Frantzia), New York Brass Band (York, Ingalaterra), 101 Brass Band (Tenerife, Kanariar Uharteak), Old Dixieland Band (Ciudad Real, Gaztela-Mantxa), Tinto Brass Street Band (Ragusa, Sizilia), Desmadre Orkesta (Buenos Aires, Argentina), Sidral Brass Band (Alt Penedès, Katalunia) eta Traperistak (Bizkaia).

Taldeen artean danetarik izaten ahalegintzen gara, jatorriz zein estiloz, adierazo dau Ugartek. Lehiakide guztiak kontuan hartuta, 82 musikari ibiliko dira kalerik kale hiru egunez.

Talde bakotxak lau emonaldi eskainiko ditu Zornotzan. Horrezaz gan, talde konbidadu bik joko dabe zapatuan. Batetik, Frantziatik datorren Accoustel Gang konbidau dabe. Bestetik, Zornotzan bertan sortu barri daben Kittu bandea entzun ahal izango da. Haizetara bultzadea izango da eurentzat, dino Ugartek.

Musikeagaz batera, gastronomiak lekua izango dau XIII. Haizetara honetan, jatekoa eskuratzeko hainbat gune ipiniko ditue eta. Ganera, eguaztenean, hilak 20, Katxarrismos berbaldi-kontzertua emongo dau Augusto Gonzalezek Zelaieta Zentroan. Leku berean ikusgai dago Jazz For Two, jazzaren inguruan José Hornak egindako argazkien erakusketea. 

Zornotzako alkate Andoni Agirrebeitiak adierazo dauenez, giro diferentea eskaintzen dau Haizetarak. Euskal Herrian behinik behin, Zornotzan baino ezin da era honetako girorik topau. Luciano Martinez zinegotziak ganeratu dau mundu guztiak musikeagaz disfrutetea dala helburua.

Egitaraua, hemen.

Igazko edizinoko irabazleak

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu