124 jarduera ludiko udan, Gipuzkoa eta Bizkaiko portuetan
2018-06-15 12:20 KultureaKirola, kulturea eta Saltillo eskola-ontziaren programea egongo dira, besteak beste.
Eusko Jaurlaritzeak zazpi portu kudeatzen ditu Gipuzkoako kostaldean eta beste zortzi Bizkaian. Bertan udan antolatuko dituen jardueren aurrerapena egin dabe Donostian, Arantxa Tapia Ekonomia Garapenerako eta Azpiegituretako sailburua bertan dala. Aitor Etxebarria Portuetako zuzendaria eta Edurne Egaña EKP-ren burua be ekitaldian izan dira.
Danetariko 124 ekitaldi hartuko ditue Gipuzkoako eta Bizkaiko portuetan udan, kirola, kulturea eta jai giroa buztartuta. Itsas portuak dinamizau eta eskaintza erakargarria antolatzea da helburua. Arantxa Tapiaren esanetan, euskal portuen eskala txikiari esker, hainbat erabileraren arteko alkarbizitzea posible da, besteak beste, arrantzea eta jarduera nautikoa, ganera ingurune urbanoetatik oso hur. Eskaintza oparo eta hurreko horren eraginez, azken urteotan turismo nautikoa hazi egin dala dino sailburuak.
Udalei jaietarako eta ekitaldi kulturaletarako portu-instalazinoak lagateaz gan, Euskadiko Kirol Portuak-EKP-k modu aktiboan parte hartzen dau kirol-proba asko antolatzen eta babesten. Horreen artean dagoz: Kontxako Emakumezkoen Banderea, Hondarribiako kirol-arrantzako sariketea, Armadorak emakumezkoen Arraintxikien txapelketea eta bela-estropadak. Kirol arloan, hain zuzen, 54 jarduera hartuko ditue aurtengo udan Jaurlaritzearen menpeko portuek.
Jarduera kulturaletan be, eskaintza zabala egongo da herritarren eskura. Batzuk aitatzen hasi ezkero, Nazinoarteko Folklore Jaialdiak Bermeon, crossbooking jardunaldiak Elantxoben, Elkanoren lehorreratzea Getarian eta Hondarribia Blues Festival ezin dira ahaztu. Mutrikuko eta Donostiako portuetako itsas hondoak garbitzeko saioak be egongo dira, Kantauri Garbiagaz lankidetzan.
Horrezaz gan, Saltillo eskola-ontzia porturik portu ibiliko da, aurreko udetan egin dauen legez. EHUren Nautika espezialidadeko ikasleek praktikak egingo ditue bertan eta aurtengo ibilbidea Bretainian hasiko dabe. Abuztuan, hamar euskal portutan egingo ditu geldialdiak Saltillok: Getaria, Santurtzi, Getxo, Lekeitio, Donibane Lohizune, Zumaia, Orio, Hondarribia, Mutriku, Ondarroa eta Bermeon. Herritarrak ontzira sartu ahal izango dira.
Portuetara heltzen diran ontzien jaubeei zerbitzuen eta funtzionamenduaren inguruko beharrezko informazinoa emoteko asmoz, gida barri baten 10.000 ale plazaratuko ditu Eusko Jaurlaritzeak laster eta doban banatuko ditu portuetan bertan, azoketan eta abar.
Eusko Jaurlaritzeak kudeatzen dituan 15 portuak honeek dira, ekitaldetik mendebaldera: Hondarribia, Donostia, Orio, Getaria, Zumaia, Deba, Mutriku, Ondarroa, Lekeitio, Ea, Elantxobe, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentzia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!