Bilbolamp-en ikusgai egon dan 'Luz-Ideas' lanak irabazi dau Arteshop-eko lehenengo saria

Bizkaie! 2018-06-15 08:52   Kulturea

Publikoaren saria emoteko herritarrek telefonoz hautatu dabe Raquel Gutierrez-en Bihotza lana, Zubiri Zuaznabar Botika saltokian dagoana.



Urko Briales artistak egindako Luz-Ideas artelana Bilbolamp saltokian (Colon de Larreategui, 10) dago ikusgai, eta VIII. Arteshop-en lehenengo saria eskuratu dau aurten aurkeztutako 75 artista eta saltokien artean. Proposamenak argiaren eta ideen arteko loturea dau oinarri, bai ikuspegi bisual eta metaforiko batetik, bai hausnarketarako eta berbaz berbako beste batetik.

Bigarren saria Rael Decoración establezimenduak irabazi dau. Colon de Larreategui kaleko 50. zenbakian dago, eta Ekain Izquierdoren lana izan dau erakusleihoan. Alde Zaharrean betidanik egon dan Paragüería Leoz saltokiak hirugarren saria irabazi dau Emilio Corderoren Parece que llueve lanagaz.

Sariak Arteshop Bilbao 2018ko sariak banatzeko ekitaldian emon ditue bart. Honako honeek bertaratu dira, besteak beste: Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia dan Xabier Ochandiano, Yolanda Díez Osasun eta Konsumoko zinegotzia, Arantza Lauzirika EHUko Arte Eder Fakultadeko dekanoa, Bilbao Arteko zuzendaria dan Juan Zapater eta Merkataritza Kamarako Komunikazino Zuzendaria, Joserra Álvarez.

Sari nagusiez gan, Publikoaren saria be emon dabe: herritarrek telefonoz hautatu dabe Raquel Gutierrez artistearen Bihotza lana, Zubiri Zuaznabar Botika izeneko saltokian dagoana.

Era berean, Arteshop Bilbaok Bilbao Arteko hamar artista ezagunen lana autortu dau lehenengo aldiz, eta sari bategaz egin dau. Hain zuzen be, Arte Eder Fakultadeko 75 ikasleren tutoreak izan dira. Tutoreek Erriberako Merkatuan eta Bilbao Bizkaia Turismo Bulegoan jarri ditue ikusgai euren artelanak, eta epaimahai batek balorau ditu. Artista ezagun batek sortutako lanik onenaren Arteshop 2018 saria Jorge Rubiok irabazi dau, Erriberako Merkatuan ikusgai dagoan Los Colosos de Abastos lanagaitik.

Artearen eta merkataritzearen alorretan ospe handiko epaimahai batek egin dau (Miriam Isasi artistea; Galería Vanguardiako Petra Pérez; Guggenheim Bilbao Museoko komisarioa dan Lucía Aguirre; Joserra Álvarez Bilboko Merkataritza Ganberako zuzendaria; eta Aitor Elizegi, Bilbao Dendak alkarteko burua) azken aukeraketea, eta hiru lan sarituak izentau ditu.

Gaurko sari-banaketeari ekin aurretik, hiru erakunde sustatzaileen ordezkariek (Bilboko Udala, EHU eta Bilbao Arte Fundazinoa) hamar proiektu onenak aukeratu ditue.

Bilbao Arteko artista ezagunek sortutako eta Erriberako Merkatuan zein Bilbao Bizkaia Turismo Bulegoan ikusgai jarritako artista ezagunen lanei jagokenez, epaimahai profesional batek balorau ditu (Zuhar Iruretagoiena artistea; Pedro Carreras Galería Carreras Múgicakoa; eta Iñaki López de Aguileta, Bilboko Udaleko Kultura zuzendaria).


Arteshop Bilbao 2018 Sariak

Epaimahaiak emondako hiru sarietan dirua banatuko da. Epaimahaiaren lehenengo saria 1.200 eurokoa da, bigarrena 900 eurokoa eta hirugarrena 600 eurokoa.

Herritarrak Arteshop Bilbao ekimenean parte hartuko daben saltokietara hurreratzea lortu nahi da, establezimenduetan dagozan sorkuntzak ikusi eta ekimenean parte hartu deien. Hori dala eta, Publikoaren Saria jarri da, 450 euroko saria, parte hartu daben saltokiak bisitau dituen personen botazinoaren arabera emon da. Botoa emoteko saltoki parte-hartzailean ikusgai egongo dan dobako telefono-zenbaki batera deitu behar izan dabe herritarrek.

Bestalde, Bilbao Ekintzaren bitartez, Bilboko Udalak 400 euroko diru-laguntzinoa emon deutse ekimenean parte hartu daben Arte Eder Fakultadeko ikasleei; Bilbao Arte Fundazinoko artistei jagokenez, diru-laguntzinoa 600 eurokoa izan da.

Parte hartu daben 75 saltokietan bezeroei esperientzia barriak eskaintzeaz eta erakusleihoen ikusgarritasuna handitzeaz gan, Euskal Herriko Unibersitate publikoan trebatzen dabizen artista gazteen lana aintzatetsi da.

Arteshop Bilbaoren 8. edizino honetan, barritasun legez, Bilbao Arte Fundazinoko 10 artistek Erriberako Merkatuan eta Turismo Bulegoan ikusgai jarritako lanen artean onena hautatu da, eta 1500 eurokoko saria emongo jako. Saltokietan lanak erakutsiko dituen 75 ikasleen tutoreak dira artistak.


75 saltokitan ikusgai jarritako obrak bisitetea sarituko da

75 saltoki eta artelanak identifiketako mapak editau ditue Arteshop Bilbao saltokiak ezagutu! izenburuagaz. Esku-mapa horreek erabilerrazak eta eroateko erosoak izango dira; saltokietan, Bilbao Bizkaia Turismo Bulegoan (Plaza Biribila, 1) nahiz Erriberako Merkatuan egongo dira eskuragarri.

Saltoki parte-hartzaileak ezagutzeko gidea izateaz gan, mapa horreek gonbidapena be badira bezeroentzako saltokietara joan daitezan, euren produktuak zein erakusgai dagozan artelanak ezagutzeko asmoagaz bagilaren 17ra arte. Gitxienez Arteshop Bilbao establezimendu desbardinen bost zigilu lortzen dituenek 50 euroko hogei opari-txartelen zozketan parte hartuko dabe, saltokietan gastetako. Horretarako, Arteshop Bilbaogaz bat egindako 75 saltokietako batean zigiluak dituan mapea itxi behar da, parte hartu nahi dauen personearen datu personalakaz. Zozketea datorren astean egingo da eta Arteshop Bilbaoko sare sozialetan argitaratuko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu