Bizimodua Txinako megauri baten (eta III)

Zigor Aldama 2018-06-14 13:24   Bidaide

Heldu gara bidaiaren amaierara. Zelakoa ete dan Txinako bizimodua, zer dan ona, zer txarra galderei erantzuten saiatu gara eta irakurleek erantzunak topau izatea espero dot.

Txinako urietan ez da leku atsegina komuna. Merkataritza gunearen etxurea eta jatetxearen kalifikazinoa sano onak izan arren, Txinako komun publikoak putzu sakon eta iluna baino ez dira. Leku gehienetan, turkiar erako komunak egoten dira, hau da, zulo ba; papelik ez da egoten eta zulo batetik bestera ez daho hormarik, dana dago libre. Prakak behera eginda sarritan, erabiltzaileen artean sekulako barriketaldiak izaten dira baina turistentzat, barriz, ez da momentu gozoa izaten.

Arazoari konponbidea emoteko, barriz, Narendra Modi, Indiako presidenteari jarraituz, Xi Jinping, Txinako buruak be neurriak hartu ditu lurralde osoan komunak hobetzeko. Dagoeneko 2.000 miloe euroko inbersinoa berbatu dabe 60.000 komun publiko zaharbarrituz edo eregiz garbitasunari eta osasunari eutsi eta mendebaldeko turistak be lasaitu daitezan. Zorionez, egoerea badoa aldatzen eta ezusteko bat baino gehiago hartzea normala da honezkero, sorpresa baikorrak, jakina.

Duda barik, sano gozagarria da oposizinorik barik eta dekretu bidez jokatuz gobernuan egotea. Eta lurra gobernuarena izatea be mesedegarria izaten da. Kontuan izan Txinako uriak eta Shanghai bera oso azkar garatu dirala, herrialde demokratikoetan pentsauezina dan erritmoan, izan be, holakoetan, herritarrek eurek erabagiten dabe hautskundeetan zer bai eta zer ez eta nortzuk izango diran agintariak. Horren erakusgarri, Shanghai urian 14 metro linea eregi ditue azken bi hamarkadotan baina kontua da ze horretarako dozenaka mila jaubetze kentze eta auzo osoak desagerrarazo izan dituela; milaka lagun geratu dira kalean, etxe barik baina upealako urbanizazinoak dagoz ikusgarri.

Garapen pragmatikoa da, alde emozionalari uko eginez eta, era horretara, nortasunik bako uriak sortzen dira, uri erosoak, txinatarren eretxiz. Gentrifikazinoa 2.0 esaten jako egoera horri eta barrualdean patioa daben shikumen etxe tradizionalen amaierea dakar. Ustezko modernotasun estetikearen erruz, endogamia eta homogeneotasuna nagusitzen dira eta azken belaunaldiotako aldaketa erraldoiakaz zoratu beharrean dagoz txinatarrak. Pisu biko eraikinetan bizi eta Kultur Iraultzea bizi eben gurasoek ez dabe berba egiten seme-alabakaz alde bientzako intereseko gairik ez dagoalako. Gazteek edegiera ekonomikoa, globalizazinoa eta etxeorratzak ditue gogoan eta hori da euren bizimodua. Sano karua da hori guztia baina horixe da euren amesa.

Txinatik kanpokoek pentsau ez arren, oso karuak dira Txinako uriak, oso karuak. Pisuen salneurriak astokeria galanta dira: bazter auzoetan, 400.000 euro 60 metro koadroko etxebizitzea erosteko. Alogera kontuak bardin antzean dagoz han eta hemen; prezioetan Bilbo, Donostia eta Gasteizen lakoak dagoz Txinan baina soldatatan igarten da aldea. Txinako uriak oso erakargarriak dira eta kanpotar asko hurreratzen da negozioa egin guran dino Huang Beibei-k, oraintsu Zhejiang ondoko jaioterrira bueltetea erabagi dauen gazteak.

Zorionez, asfaltozko oihanean sartzeko atxakirik ez da behar. Txina tradizionalaren zein egungoaren buztarketea edonon dago ikusgai baina 20 urte barru ze gorabehera egongo dan inork be ez daki. Shanghai urian, ehun urtetik gorako Meilongzhen lako jatetxe tradizionalak eta musika alternatiboaren eta uriko tribu guztien topaleku Yuyintang lako underground aretoak dagoz; Moganshan 50 lako auzo artistikoak be asko ugaldu dira, arte galeriaz josita eta grafitiak baimenduta dagozan leku bakarrenetakoak; era berean, Konfuziori dedikautako tenpluak be hur dagoz.

Geldi egoten ez dakiten urietan, konsumismoaren filosofian etena dakarre, izan be, pare bat, hiru aste kanpoan egotea nahikoa da norbera isolatuta legetxe sentiduteko. Betiko fruta dendea desagertu eta manikura eta bestelako edertasun tekniken aretoa agiri da; lehen pintxo tabernea zana eskuko telefonoak konpontzeko tailer bihurtu da; eta luzaroan zarratuta egoan lokala Starbucks kategegia da orain. Etxe alboko tabernan bost zerbitzari baziran, orain bakarra dago, lan hobea topau dabelako edo asfaltoan aukera gitxi ikusi dabelako. Kanpotarrakaz be bardin, hiru lagun euren maletakaz prest dagoz alde egiteko eta, egia esan, kanpotarrek bost bat urte egiten ditue Txinan, laguntasun eta hartu-emonen gorabehera basatia.

Shanghai eta Txinako ganerako uriak, aldi berean, sano erakargarriak dira batzuentzako eta gorrotagarriak, barriz, beste batzuentzako. Eskabadora edo zulotzen dauen makina batek zapaltzen dau lehenaldia eta gizakia inurri bihurtzen da; baina uriek personak suspertzeko be balio dabe, etorkizuna eskuakaz oratu daiteke. Eta etorkizun hori gustau ala ez, norberari jagoko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu