X. Blas de Otero sariketako irabazleak, liburu bitan
2018-06-13 13:28 KultureaRafa Ugalde Iragorriren Hondar aleak eta Raquel Ramírez de Arellanoren La arquitectura de las colmenas dira.
2017an emon zituan Bilboko Udalak X. Blas de Otero poesia lehiaketako sariak. Irabazle bien lanak liburu banatan plazaratu ditue orain, irakurle guztien eskura egon daitezan. Uriko liburutegien sarean ipini ditue dagoeneko, eta liburu-dendetan be erosi leitekez.
Euskerazko modalidadean Rafa Ugalde Iragorrik irabazi eban, Hondar alea lanari esker, eta bertako poemak jasoten dituan liburua Erein argitaletxeagaz alkarlanean kaleratu dabe. Blas de Otero Sarietako epaimahaiaren arabera, bilduma horretan argi eta garbi agertzen dira poetearen desioak, egunerokotasuna eta galdu dana, dagoeneko ez dagozan personak, adiskideak edo umezaroa, erabateko zehaztasunez marraztuz. Horrezaz gan, baliabide poetikoen eta hizkuntzearen aberastasuna be txalotu zituan.
Rafa Ugalde Biologian lizentziaduna da eta idazle oparoa be bai. Gabriel Aresti lehiaketea irabazi eban 2002an, hori be Bilboko Udalarena. Sei liburu argitaratu ditu, azkena Baltzolako ipuinak izenekoa. Ogibidez euskera irakaslea da.
Gaztelaniazko modalidadeko irabazlea, Raquel Ramírez de Arellanoren La arquitectura de las colmenas poesia-bildumea, Devenir argitaletxearen bidez plazaratu dabe. Epaimahaiak esan ebanez, lana egundokoa da, tamainuagaitik, ahotsen aberastasunagaitik eta berben basoaren ganetik hegaz egiten daben irudien ugaritasunagaitik. Lehendik be poesia argitaratu izan dau Ramírez de Arellanok, esate baterako, 2014ko Riego Automático liburua.
Blas de Otero Poesia Saria urtero antolatzen dau Bilboko Udaleko Kultura Sailak. Lehiaketearen helburua jarduera literarioa eta talentu barriak sustatzea da, Blas de Otero poeta bilbotarraren memoria eta lanari bizirik eusteaz gan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!