Robert Treviñok Orkestrako zuzendari izaten jarraituko dau 2021/2022ra arte
2018-06-12 09:08 MusikeaEuskadiko Orkestra Sinfonikoak Austria eta Alemanian kontzertuak emongo ditu abenduaren 4tik 8ra.
2018/2019 Denporaldiaren aurkezpen-egunean iragarri eben 2019ko martiko Versailleseko bidaiaz gan, nazinoarteko erronka artistiko garrantzitsu bati aurre egin beharko eutsola orkestreak; izan be, egunotan, 2017/2018 Denporaldia zarratuko dauen azken kontzertu-programea (Verdiren Requiema) amaitu ostean, Robert Treviñok Euskadiko Orkestra Sinfonikoagaz hasiera batean sinatutako hiru denporaldietako lehenengoa zarratutzat emon eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak nazinoarteko bira bati ekingo deutso abenduan Europako erdiguneko hiru uritan, tradizino musikal handiko eta publiko zorrotza daben urietan: kontzertu horreetako bi Austriako bina uritan izango dira, Linz eta Bregenzen; eta bestea Alemanian, Municheko Herkulessaal ospetsuan. Hiru kontzertuak publikoaren babes eta aintzatespena daben abonu-zikloen barruan egingo dira.
Bira hau Robert Treviñok zuzenduko dau. Estadubatuarra amaitzear da Euskadiko Orkestra Sinfonikoagaz sinatuta zituan lehen hiru denporaldietako lehenengoa, eta urte bi gehiagoz luzatuko dau bere presentzia Orkestrearen arduradun artistiko nagusi legetxe. Esangura horretan, Robert Treviñok bost denporaldiko musika-aroa beteko dau Orkestran, 2021/2022ra arte.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari legez Robert Treviñok konpromiso argia erakutsi dau herrialdeagaz eta bertoko kultureagaz. 2017/2018 Denporaldi honetan, sei kontzertu-programa zuzendu ditu, 26 kontzertu guztira. Eta, horrezaz gan, hezkuntza-programan be inplikazino nabarmena izan dau, Musika Gela zikloko hainbat Eskola-kontzertutan parte hartu dauelako, batetik, eta, bestetik, baita Musikene eta Orkestra-Ikasketen Masterrean be.
Treviñok nazinoarteko ibilbide bizia egin dau orain arte; Europan bakarrik, dagoeneko honako orkestra entzutetsuak zuzendu ditu: Stuttgarteko Sinfonikoa, Leipzigeko Gewandhaus, Rotterdamekoa, Vienako Tonküstler, baita Municheko Filarmonikoa be. Azken orkestra hori Herkulessaalen bertan zuzendu eban, gogoangarria izan zan Mahlerren Bosgarren Sinfoniaren interpretazino ahaztezin bategaz. Hain zuzen, Mahlerren interpretazino bikainakaitik ezagun egiten hasi da Robert Treviño eta musikagile alemaniarraren bere azken bersinoek —London Symphony Orchestrearen, London Philarmonic-aren eta Zuricheko Tonhalleren buru egin dituanak—publikoaren eta kritikearen laudorioak jaso ditue. Orain bere Orkestreagaz itzuli nahi dau Municheko eszenatoki ezagun horreetara. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 2003an jo eban bertan lehenengoz.
Mojca Erdmann soprano alemaniarra eta Vadim Gluzman biolinjole ukraniarra izango dira kontzertu-bira honetako bakarlari gonbidaduak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!