Musika elektronikoak hartuko dau Guggenheim Museoa gauean

Bizkaie! 2018-06-08 08:23   Musikea

Art After Dark egingo dabe gaur, 22:00etan hasita.

Artea eta musika elektronikoa buztartzeko asmoz Bilboko Guggenheimek sortutako ekimen barritzailearen, Art After Dark programearen, bagileko saioa egingo dabe gaur, barikua, 22:00etan hasi eta goizaldeko 01:00ak arte. Betiko legez, hiru emonaldi egongo dira bata bestearen atzetik eta bertaratzen diranek, musikea entzun bitartean, museoko erakusketak ikusi ahal izango ditue.

Gaurko saioan, honeek izango dira hiru proposamen musikalak: Andhim alemaniarrak, Zombies in Miami bikotea eta Galiano bakarlari gipuzkoarra. Museoaren atrioan izango dira emonaldiak, baina beste areto batzuk be zabalik egongo dira.

Ohikoa dan legez, euskal artista baten emonaldiagaz ekingo deutsie gauari. Oraingo honetan, Aretxabaletatik datorren Galiano izango da protagonista. Bergarako Jam eta Arrasateko 360 jantzalekuetako Rave Club saioetan trebatu eta gero, Go Bang sortu dau, Kasper (Esperanza) lagun dauela, Tartufo eta Txitxarro aretoetan. Gaur egun, Dabadaba eta Zero aretoetan garatzen ditu bere ID proiektu barriak. Ganera, munduko hainbat lekutan jarri ditu diskoak, besteak beste, Berlinen, Londresen, Madrilen eta Eivissan.

Ondoren, 23:00ak aldera, Zombies in Miami bikotearen txandea izango da. Canibal eta Jenouise dira proiektu honen sortzaileak. Musika tekno hibridoa egiten dabe, rockaren eragin eta guzti: soinu sakonak eta ilunak, baina jantzan egiteko aproposak, izaten dira eurenak, energiaz betetako zuzenekoetan. Honeek be mundu osoan ibili dira musikea jarten, Berlinen, Bartzelonan, Tokion...

Gaualdia biribiltzeko, Alemaniako Kolonia uritik datorren bikote bat, Andhim, izango da Guggenheimen. Hip-hopetik datoz eta eurek super house izena emon deutsien estiloa dabe gogokoen. Hareen zuzeneko emonaldiak energiaz eta sormenez beteta dagoz, jantzarako musika elektronikoaren interpretazino berezi bati esker. Europan zein Asian kontzertu jentetsuak emon ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu