Hamar talde eta DJ, 2018ko Sopela Kosta Fest-en

Bizkaie! 2018-06-05 12:14   Musikea

Irailaren 20tik 23ra egingo dabe jaialdia.

Udako azken asteburuan goi mailako musikeak hartuko dau Sopela, 2018ko Kosta Fest jaialdiari esker. Bertoko zein kanpoko talde eta DJ ezagunak konbidauko ditue herriko hondartza, labar, mendi eta plazetan jotera, antolatzaileen arabera.

Gaur emon dabe jakitera egitarau musikala. Hamar talde eta DJ dagoz zerrendan: El Columpio Asesino, La Sra. Tomasa, Travellin' Brothers Little Band, Grises, Liher, The Icer Company, Moonshakers, Zazkel, Melenas eta DJ Tirry&Teri.

Baina Sopela Kosta Fest jaialdi musikala baino gehiago da. Kultureagaz, kirolagaz eta natureagaz lotutako jarduera ugari antolatuko ditue, esate baterako, film laburren lehiaketea. Parte hartzeko, webgunean izena emon behar da, doban, irailaren 2a baino lehen. Gehienez 30 minutuko filmak onartuko ditue, surfa ardatz dabenak.

Lehiaketara aurkezten diran film guztiak irailaren 20an, Kosta Festen lehenengo egunean, proiektauko ditue, gala berezi baten. Hainbat sari dagoz: Film onenari 500 euro, Euskal Herriko onenari 250, Taula Lila alorrean 250, euskerazko onenari 125 euro eta Sopelako egileen arteko onenari 125.

Jaialdiko beste jardueren artean egongo dira Euskal Herriko Surf Zirkuituaren lehiaketea, kirol ikastaroak, bisitaldi gidatuak, tailerrak, Sopela Beer Fest eta abar. Horrezaz gan, profesional eta adituei zuzenduta, Surf Business Meeting jardunaldia antolatuko dabe irailaren 21ean. Surfak turismoa erakarteko dituan abantailak aztertu eta alor horretan egin leitekezan hobekuntzez gogoetea egingo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu