Martxan da Bilbon BLV-ART
2018-06-05 09:37 KultureaBilboko Udalak atondu eta abangoardiako arte adierazpenakaz lotuta dagoan ekimena.
Programazinoa eguaztenean, hilaren 6an, abiatuko da, Anaïs Boudot artistearen L´Empyrée erakusketearen inaugurazinoagaz, Arkitektura SF 38n; erakusketea bagilaren 15era arte bisitau ahal izango da, eta Bilboko Institutu Frantsesaren lankidetzeagaz dator. BilbaoArteren bekea dauen artista egoiliarra dan Boudotek eskulturearen eta meta-argazkiaren arteko seriea aurkeztuko dau, bere argazkiotan batu eta sentsibilizazino zianotipiko prozesu kimikoa jaso daben harrietan oinarrituta. Estadu mailako estreinaldia da, Parisen dagoan erakusketa handiagoaren partea, eta Bilbora ekarri gura izan dau.
Hurrengo egunean inaugurauko da modu ofizialean programea Berreginen Museoan, eguerdiko 12:30ean, Desovillar performancea aurkeztuko daben Ana Matey eta Isabel León artista eta sortzaileen zuzeneko ekitaldiagaz. Hogei minutuko obrea, komunikazinoari eta konpartitutako sorkuntza prozesuei buruz ikertzen dauen Exchange Live Art proiektuko artista sortzaileek, komunikazino-sorkuntza prozesuko esperientzia islatzen daben performance ekintzea da. Bertan zenbait alderdi agiri dira, konekzinoa, nahastea, zailtasuna edo batasuna, besteak beste.
Ondoren, BilbaoArten, 13:30ean, Lunchbox erakusketea hasiko da, performancerako jatorrizko partituren nazinoarteko erakusketea. Lunchbox-ek, modu batean edo bestean, BLV-ARTen erabateko estreinaldia izango dauen lan horretan inplikautako ia berrogeita hamar artistaren lanak batzen ditu.
Bagilaren 16ra arte programautako hogei jarduera ingururen artean, aurten be leku berezia beteko dau antzerki garaikideak, arreta berezia eskainiz performanceari, eta dramaturgia barri izenez ezagutzen diranek, musikeagaz, poesiagaz edo sorkuntza artistikoagaz lotutako abangoardiako beste proposamen batzuekaz batera. Hori guztia, dagoeneko ohikoak diran espazioetan, Bilborocken, San Frantziskoko Udaltegian, BilbaoArten edo Berreginen Museoan, izango da, baita auzoa dinamizetan daben gune pribatuetan be, berbarako, B-Cool Terrazan edo Xake Espazioan.
Antzerki garaikideagaz lotuago dagoan egitarauaren barruan, bagilaren 7an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Bilborocken aurkeztuko dan Parasite Kolektiboaren Jokoa lana izango da. Gasteizko Nazinoarteko Jaialdiaren eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoagaz Baratza Aretoko egoitzan sortutako Jokoa konpainiaren laugarren sorkuntza lana da eta, orain jantzea eta beste diziplina batzuk buztartzen ditu eta ikus-entzuleek antzerkira hurreratzen diraneko aurreikuspenak zalantzan jartea bilatzen dau. Saioak sarrera librea izango dau, baina beharrezkoa izango da txarteldegian gonbidapena hartzea, emonaldia hasi baino ordubete lehenagotik.
Performancearen inguruko eremu esperimentalagoan, BLV-ARTeko programazinoak Isabel León, May Serrano, Pascale Ciapp artisten edo Bastardas kolektiboaren partaidetzea izango dau. Azken horreek, performance ibilbidea eskainiko dabe, bagilaren 10ean, eguerdiko 12:00etatik aurrera, Bilbo Zaharrean. Histeria Kolektiboaren barruan sortutako Performance talde horren ekintzek Gorteak, Bailen eta Lamana kaleak zeharkatuko ditue. Nortasun sexuala, prostituzinoa, hiesa, sorkuntza artistikoa eta militantzia politikoa ekintza arte bilakatuko ditu Las Bastardas kolektiboak.
Beste alde batetik, Berreginen Museoak jantzeagaz lotutako beste proposamen bi jasoko ditu; Zona (no) confort, Krego-Martín Jantzeagaz, bagilaren 9an, arratsaldeko 19:30ean, eta, hurrengo egunean, 11:30etik aurrera, Lindy Band Collectivegaz antolatutako Swing Partya. Ikuskizun bikaina aurkezteaz gan, partaidetzan oinarritutako oinarrizko klase edegia eskainiko deutse ikus-entzuleei, estilo hori ezagutarazoteko.
Jatorrizko beste proposamen bat Mama Crearen eskutik etorriko da, programazinoari amaierea emoteko, bagilaren 16an, B-Cool terrazan, eguerdiko 12:00etatik aurrera, lau laguneko taldeetan. 15 minutuz behingo emonaldiakaz. Mama Creak, esperientzia eszeniko parebakoa eskainiko dau, soinuz, usainez eta ehunduraz betea, sentimen lengoaiaren bitartez poesiara hurreratzeko. Hamar minutuko iraupena izango dauen esperientzia, proiekturako diseinautako postre bat probeteagaz lotuta joango da. Erabateko estreinaldia izango da, eta leku kopuru mugatua kontuan izanda, mahaia erreserbetako beharrezkoa izango da aurretik mezu elektroniko bat bialtzea info@mamacrea.com helbidera.
Horrezaz gan, BLV-ARTek musikarako lekua be gorde dau, datorren bagilaren 8an, 19:30etik aurrera Xake Espazioan Trakamatrakak birziklautako musika-tresnakaz eskainiko dauen kontzertuagaz eta Ainara LeGardonen emonaldiagaz, 15ean, 19:45etik aurrera, BilbaoArten.
Ainara LeGardon Performer, gitarra jole, abeslari eta konposatzaileak 25 urte baino gehiago daroaz musikea eginez. Bakarka egindako sei diskoek espezializautako komunikabideen harrera beroa jaso eta eredu lez hartzen dira estauko eszena independentean. BilbaoArten eskainiko dauen soinu performancea, ohikoa danez, alkarrekintzan dago esku-hartzen dauen espazioakaz, euren historiagaz eta hots baldintzakaz. Saioak sarrera librea izango dau, leku guztiak bete arte, eta beharrezkoa izango da lekuan bertan gonbidapena jasotea, emonaldia hasi baino ordubete lehenagotik.
Aurreko edizinoan legez, BLV-ART jarduera nagusien artean azpimarragarriak dira inguru horren aldeko apustua egin daben sortzaileen galeria barrietara eta uriko arteagaz lotutako guneetara egingo diren dobako bisita gidatuak. Arty Walks, partaidetzan oinarritutako bisita interaktiboak dira, euskaraz eta gaztelaniaz, eta Bilbo Zaharreko hainbat gune bisitauko ditue. Bisitak hilaren 8an eta 9an izango dira, 18:00etan, eta ordu bi inguruko iraupena izango dabe. Jarduera horretan parte hartzeko beharrezkoa izango da hilaren 6 baino lehen izena emotea hemen. www.kulturabarrutik.eus webgunearen bitartez.
Aurten ekimen gehiago sartu dira bisiten programan, inguruan erreferentziazkoak diren artistakaz eta lekuakaz, besteak beste, serigrafiaren teknikea erabiliz azulejuen eta lauzen apainketan 30 urte baino gehiagoko esperientzia dauen Jota Cerámica Creativa artisautza tailerra edo diseinuan, horma-irudien pinturan, erakusleihoen apainketan, galerietako artean eta uriko artean lan egiten dauen Hibernando estudioa. Horrezaz gan, aurreko edizinoetatik ezagunak eta inguruan erreferentziazkoak diran beste espazio batzuk be bisitauko dira, Andoni Eubaren tailerra, La Pepita / Eskina Femenina edo Sarean, adibidez.
Beste alde batetik, bagilaren 15ean eta 16an, –18:00etan eta 12:00etan, hurranez hurran–, Berreginen Museoagaz lankidetzan, bisita gidatuak antolatuko dira, euskeraz eta gaztelaniaz, Mariaren Bihotzaren plazako aztarnategira, uri barruko Euskadiko aztarnategi interesgarrienetakora, San Frantziskoko Komentu zaharreko eta Príncipe Don Alfonso Kuarteleko aztarna arkeologikoak dituana. Bisitak 60 minutu inguru iraungo ditu. Aztarnategi honetarako bisitan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik 944150231 telefono zenbakian izena emotea.
Programautako jardueren artean, Bilborockek May Serrano artisteak zuzendutako ekintza kolektiboa jasoko dau barikuan, bagilaren 8an, 20:00etan. Bertan, emakumeek, Bai, nahi dot, esango deutsie euren buruari, eurakazko konpromiso eta maitasun seinale lez. Beste alde batetik, San Frantziskoko Udaltegiak, Ana Mateyk eta Isabel Leónek, Exchange Live Art-eko sortzaileek zuzenduta, konpartidutako ekintza arte eta sorkuntza prozesuei buruzko tailerra jasoko dau, BLV-ART barruan (bagilaren 6, 8 eta 9an).
BLV-ART-en helburua Bilboko gune horren kultur espezializazinoa da, bertan bizi diranen beharrei erantzuteko baina, batez be, auzo horreek herritar guztientzat erakargarri izan daitezan, abangoardiako kultur polo bilakatuz, bertan musikeagaz, arte plastikoakaz, zinemeagaz edo modeagaz lotutako sorkuntza era barriak sortzen dabizelakoko. Programeak balioa emon nahi deutso auzoari, eta uriaren ganerako lekuakaz dauen komunikazinoa sustatu, inguru horretan sortutako eta bertako kaleak bizibarritzen lagunduko daben kultur proposamenak ezagutarazoteko zenbait jarduera eskainiz.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!