Artea eta merkataritzea bat eginda, 8. Arteshop programan
2018-06-05 08:16 KultureaBilboko 75 komertziotan EHUko Arte Ederren Fakultadeko ikasleen obrak ipini ditue.
Merkataritzea dinamizau eta artista gazteen lanak publikoari hurreratzeko modua da Arteshop. Bilboko Udalak, EHUko Arte Ederren Fakultadeak eta BilbaoArte Fundazinoak antolatzen dabe eta aurtengo edizinoa, zortzigarrena, martxan dago hilaren 17ra arte.
Uriko hainbat auzotako 75 dendatako erakusleihoetan, hortaz, EHUko artista gazteek egindako obrak ikusgai dagoz egunotan, 107 ikaslek egindako eskabideetatik aukeratuak. Denda bakotxaren jarduereagaz eta espazioagaz bat datozan lanak dira. Ganera, unibersidadeko hamar irakasleren tutoretzea izan dabe.
Bagilaren 14an, 8. Arteshop programako sariak banatuko ditue Erriberako merkaduan. Epaimahaiaren lehenengo saria 1.200 eurokoa izango da, bigarrena 900 eurokoa eta hirugarrena 600 eurokoa. Publikoaren saria, 450 eurokoa, ostera, bozketa bidez erabagiko dabe, saltokiak bisitau dituenei itaunduta.
Botoa emoteaz gan, sariak irabazi ahal izango ditue herritarrek. Mapa berezi batzuk argitaratu ditue antolatzaileek (Erriberan eta Plaza Biribileko turismo-bulegoan hartu leitekez) eta bertan agiri da Arteshop-eko komertzio guztien informazinoa. Horreetako gitxienez bost bisitau eta hango zigilua eskuratzen dabenek, zozketan parte hartuko dabe. Opari txartelak irabazi ahal izango ditue.
Bilboko Udaleko Garapen Ekonomikoko zinegotzi Xabier Ochandiano, BilbaoArte Fundazinoko zuzendari Juan Zapater eta EHUko Arte Ederren Fakultadeko dekano Arantza Lauzirika egon dira 8. Arteshop-en aurkezpenean, Plaza Biribileko turismo-bulegoan. Bertan adierazo dabenez, Arteshop ondo finkatutako programea da, bai merkataritzearen sektorean eta baita mundu artistikoan be. Urtetik urtera hazten doa: 2011n, lehenengo edizinoan, 20 saltokik hartu eben parte, aurten 75 dira.
Uriko dendetan erostearen esperientzia aberastu egiten dauela dinoe. Gaur egun, merkataritzea dinamizetako egiten diran ekimenen artean garrantzitsuenetako bat da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!