Utopia berbagai, Jakin Jardunaldietan
2018-06-05 07:41 KultureaGaragarrilaren 12an eta 13an egingo dabe topaketea, Usurbilen.
UEUren Udako Ikastaroen barruan eta Usurbilgo Udalaren babesagaz, Jakinek Utopia 68/18. Iruditeria berrien bila jardunaldia antolatu dau, garagarrilaren 12 eta 13an. 1968ko jazoerak izango dira abiapuntua: Parisen, Pragan, Berlinen, Mexikon eta abar mundu barri baten aldarria zabaldu zan eta, mende erdi geroagoko begiradatik, utopia aztertuko dabe.
Lorea Agirre Jakineko zuzendariak jardunaldien aurkezpenean azaldu dauenez, 1960ko hamarkadea Euskal Herrian be garrantzitsua izan zan. Izaera propioa hartu eban gurean aldarrikapen harek: Ikastolak, euskera batua, euskal kantagintza barria... garai zaharraren amaierea eta barriaren sorrerearen esperantzea zan, azaldu dau Agirrek. Orduko mobimenduak eta gaur egungoak konparauko ditue eta gizartean egondako eraldaketea aztertuko dabe jardunaldian.
Horretarako, bederatzi adituk egingo dabe berba, praktikea eta teoria buztartuko dituan egitarauan. Amaia Lasa, Alba Garmendia, Edu Apodaka, Uzuri Aboitiz, Bego Zearreta, Iñaki Barcena, Anaiz Agirre, Xabier Harlouxet eta Bego Huarte konbidauko ditue. Ganera, euskal kultura garaikidearen susperraldian Usurbilek izan dauen protagonismoa erakusteko bisita gidatua egingo dabe azken egunean.
Utopia landuko dabe jardunaldiotan, batez be, zaintzearen utopian eta utopia sozio-ekologikoan arretea jarrita. 1968an utopiaren esangurea aldatu zala azpimarratu dau Agirrek, lortu ezinezko zeozer izatetik errealidadea eraldatzeko bide erreal izatera pasau zan. Gaur eguneko ikuspegitik aztertuko daben arren, ez deutsie utopiari nostalgiagaz begiratu nahi.
Jakin Jardunaldian parte hartzeko izena emoteko epea zabalik dago, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!