Live DMA Bilbon dago Batzar Nagusia egiten
2018-06-04 16:05 MusikeaLive DMA-ren helburu nagusiak zuzeneko emonaldietako baldintzak hobetzea, eta Europako zuzeneko musika aretoak eta bertako langileak laguntzea dira.
Bagilaren 4tik 6ra, Kultura Live, Live DMA Europako zuzeneko musika aretoen eta musika jaialdien alkartearen Batzar Nagusia egiten dago Bilbon. Hamazortzi alkarte desbardinetako 40 ordezkaritik gora batu dira Kafe Antzokian egiten dagozan hiru egunetako topaketan. Live DMA alkarteak 2.500 musika areto eta 52.000 langileko sarea osotzen dau. Urtero 56 miloe bisitari baino gehiago erakarri eta zuzeneko 381.760 ekitalditik gora antolatzen ditue.
Live DMA alkartearen helburu nagusiak zuzeneko emonaldietako baldintzak hobetzea, eta Europako zuzeneko musika aretoak eta bertako langileak laguntzea dira.
Bilbon egiten dagozan Batzar Nagusiaren zutabe nagusietakoa Live Style Europe (LSE) izango da. Europako Batzordearen Creative Europe ekimenaren barruko proiektu hau musika aretoak eta musika jaialdiak bultzatzeko eta sendotzeko asmoa dauen programea. Horretarako tresnak sortzeko hainbat topaketa antolatzen ditue Europako urietan. Nazinoarteko musika aretoek parte hartzen daben topaketa horreetan Donostiako Dabadaba eta Azpeitiako San Agustin aretoek ordezkatu dabe Kultura Live.
Batzar Nagusia Live DMA alkarteko kideek urtero egiten daben topaketa garrantzitsua da. Europako proiektuari buruzko proposamenak konpartidu eta hurrengo urterako estrategia zehaztuko dabe: LSE ekimenaren jarduerak diseinau, datuak batzeko The Survey proiektuari buruzko estrategia aztertu, hurrengo lan taldeek landu beharreko gaiak aukeratu, Open Club Day jardunaldiaren bigarren edizinoa atondu eta holako lanak aurreikusi ditue.
Kultura Live Live DMA alkarteko kide aktiboa da: Euskal Herriko zuzeneko musika aretoen ikuspegia Europako kideakaz konpartiduten dau. Zuzeneko musika sektorearen egituran, profesionalizazinoan eta onarpenean laguntzen dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!