Joan Mari Torrealdai, 'lider isila', saritu dabe Liburu Azokan

Dabi Piedra 2018-06-04 13:16   Kulturea

Urrezko Lumea emon deutsie idazle, kazetari eta ikerlariari.

Andoni Iturbe (ezkerrean) Joan Mari Torrealdairi saria emoten | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerearen eta euskal kulturearen alde azken lau hamarkadotan egin dauen lan isil eta etenbakoagaitik, Urrezko Lumea emon deutsie Joan Mari Torrealdairi Bilboko 48. Liburu Azokan. Arenaleko karpan egindako ekitaldian, Torrealdai ez eze, Asier Muniategi antolatzailea, Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria eta Jose Mari Sors editoreen ordezkaria egon dira.

Afizioa eta ofizioa buztartu ditu Torrealdaik, Jose Mari Sorsen ustez, beti euskerearen eta euskal kulturearen alde. Euskalgintzan martxan jarritako proiektu askotan kide izan dira eta haren profil humanoa nabarmendu dau. Langile isila da, baina liderra be bada; alkarlanaren alde egiten dauen lider isila, ganeratu dau Sorsek. Ganera, liburugintzearen ikuspegitik Torrealdaik egin dauen ekarpena be ez dau ahaztu, Jakinen bidez urteroko euskerazko liburuen katalogoa argitaratzen izan dauelako, eta XX. mendeko euskerazko produkzino literarioaren bildumea be egin eban.

Andoni Iturbek emon deutso Urrezko Lumea Joan Mari Torrealdairi. Oroigarria jaso eta gero, pozik eta eskertuta agertu da: Ilusinoa da niretzat, luma hau bada nire lanaren eta jardun intelektualaren sinbolo be bai. Euskereari jarritako trabei, zentsureari eta erasoei aurre egin deutsela adierazoten dau sariak, Torrealdairen ustez.

Bere ikerketa eta testuen bidez, euskerearen herria, bere txikian, errealidade oso eta askotarikoa dala erakutsi dauela dino Torrealdaik. Bere lanaren oinarria eta abiapuntua datuak eta informazino zehatza dirala ganeratu dau.

Joan Mari Torrealdai (Forua, 1942) 1960ko hamarkadatik dabil euskal kulturearen eta euskerearen aldeko lanaren abangoardian. Idazten zein proiektu kulturalak bultzatzen egin dau ekarpena. Era horretara, Jakin aldizkariaren arimea izan da luzaroan eta Euskaldunon Egunkariaren bultzatzaileetako bat be izan zan. Horregaitik, zentsurea eta kartzelea ezagutu ditu.

Hain zuzen be, euskereak jasandako eraso eta debekuen bilduma entzutetsua egin eban, El libro negro del euskera, eta oraintsu haren bigarren zatia, Asedio al euskera, plazaratu dau. Euskal liburugintzearen aditu handienetako bat da, eta Euskal Bibliotekea sortzea da bere amesa.

Hainbat sari emon deutsiez Torrealdairi, Manuel Lekuona Saria berbarako, eta orain Urrezko Lumea. Euskaltzain osoa da.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu