35.000 bisitari baino gehiago Lekeition, Euskal Eskola Publikoaren Jaian

Bizkaie! 2018-06-04 09:32   Kulturea

Eguzkiak lagunduta hasi dabe ospakizuna, baina euria be egon da gero.

Argazkiak: Euskal Eskola Publikoaren Jaia | Ikusi handiago | Argazki originala

Egun jentetsua izan eben atzo Lekeition, izan be, Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren harira egindako deialdiak erantzun bikaina euki eban. Antolatzaileen arabera, 35-40.000 lagun inguru batu ziran herri guztian ipinitako guneetan. Eguraldiak zalantzak sortu bazituan be, eguzkia eta giro ederra izan zituen bertaratutakoek momentu askotan; euria hasi zanean be, ospakizunari eutsi eutsien. Aurreikusitako jarduera guztiak egin ahal izan zituela dinoe antolatzaileek.

Jentetzea joan zanez, aparkaleku guztiak bete ziran eta Artadi, Kurtzia eta Santa Katalinako dispositiboak martxan jarri zituen. Horrezaz gan, eskolek antolatutako 40 bat autobus heldu ziran herrira. Autokarabanentzako gunea be bete-beteta egon zan.

Hasiera ekitaldian, EHIGEko presidente Ana Isabel Puentek azpimarratu eban euskal hezkuntzearen ardatza sistema publikoa izan behar dala eta horretarako erakundeen babesa ezinbestekoa dala. Euskal eskola publiko duina, adostua eta askotarikoa aldarrikatu eban eta sistema publikoak izan behar dituan baloreen eredutzat jo Lekeitioko Eskolea: euskalduna, parte-hartzailea, danona eta edegia.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak azken lau hamarkadotan egindako lana nabarmendu eban, eragile guztien arteko ahaleginari esker. Desadostasunak gaindituta, danen neurriko sistemea eregi dabela adierazo eban. Lekeitioko alkate Koldo Goitiak ondoetorria egin eutsen bertaratutako guztiei eta herriko eskola publikoak eraikin barria behar leukela aitatu eban.

Ganera, Lekeitioko herriak Errenteriari pasau eutsan lekukoa, datorren urteko Euskal Eskola Publikoaren Jaia han egingo da eta. Dana dala, Koldo Goitia gogotsu agertu zan ospakizuna barriro Lekeitiora eroateko eta 2025a momentu aproposa izan leitekela aitatu eban, uriaren sorrerearen 700. urteurrenagaz bat egiteko.

Egun osoan, makina bat jarduera egon ziran, bertaratutako milaka bisitarien gozagarri. Ohikoa izaten dan legez, kontzertuek jente ugari erakarri eben, baina bestelakoak be egon ziran. Jantzen artean, esate baterako, Eguzki Jantzea eta Kaxarrankea. Garraitz islea ezagutzeko bisitaldi bereziak be antolatu zituen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu