Lur Gallastegik irabazi dau Mikel Zarate saria
2018-06-04 13:25 KultureaBederatzi lan lehiatu dira guztira, eta horreen artean, Gallastegik idatzitako eleberria hautatu dau epaimahaiak: Saharako itsasoa
Lur Gallastegik idatzitako Saharako itsasoa nobeleak irabazi dau 2018ko Mikel Zarate ume literatura saria Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Xabier Mendigurenek osotutako epaimahaiak erabagita, eta berak eroan dau 3.000 euroko saria. Liburua, barriz, udagoienean argitaratuko dau Elkar-ek.
Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu eben sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzatzaile handi izandako Mikel Zarateren omenez, eta bederatzigarren ekitaldia izan da aurtengoa.
Bederatzi lan lehiatu dira guztira, eta horreen artean, Gallastegik idatzitako eleberria hautatu dau epaimahaiak; Saharako itsasoa izeneko istorio honek familia baten gorabeherak dakarz: gurasoak ez dira ondo konpontzen, eta hausnarketarako astia hartuko dabe udan; Haizea alabea izekoagaz geratuko da, eta haregaz emongo dau udea Souhailak be: neska sahararra da, Tindufeko kanpamenduetan bizi dana.
Kontakizunaren samurtasuna azpimarratu dau epaimahaiak, eta sentimenduak abenturen artean txertatzeko abilezia.
Lur Gallastegi Zendegi Bilbon jaio zan 1983an eta Donostian bizi da gaur egun. Itzulpengintzan lizentziaduna da eta ingeleseko irakaslea. Bilduma honetan bertan bi liburu daukaz argitaratuak: Uda bat Senegalen eta Limoiondoaren loreak.
Mikel Zarate sariaren orain arteko irabazleak:
2010 Asier Mendozaren Beste gu.
2011 Julen Gabiriaren Nire aita ikusezina da.
2012 Gaizka Arostegiren Urrezko orrazia.
2013 Irati Bediagaren Beldarren hegaldia.
2014 Patxi Zubizarretaren Mundua baloi batean.
2015 Arrate Egañaren Patioan.
2016 Xabier Olasoren Erraldoiak.
2017 Hutsik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!