'Zapran gagoz' Lekeition
2018-06-01 13:22 KultureaZapran gagoz da Euskal Eskola Publikoaren 27. Jaiaren leloa, arrantzaleek erabilten daben esamoldea arrantzan suberte ona izaten dabenean.
Euskal Eskola Publikoaren 27. Jaiaren egitarauaren aurkezpeneran batu ziran oraintsu Ana Puente (EHIGEko presidentea), Koldo Goitia (Lekeitioko alkatea), Unai Zubiaur (Lekeitioko eskolako aita) eta Lekeitioko institutuko ikasleak. Euren izenean aurkeztu dau egitaraua Elene Ibarzabalek: 1994tik, Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatzen dogu guraso alkarteok, eskola-komunidadeetako ganerako kideakaz batera eskola publikoa hezkuntza-sistemearen ardatza izan behar dala aldarrikatzeko asmoz.
Ikastetxe publiko bategaz alkarlanean antolatzen dau EHIGE-k urtero jai hau eta aurten Lekeitioren txandea da, Lekeitioko ume eskola, eskola eta institutuko kideakaz batera, Lekeitioko irakaskuntza publikoak ondo islatzen ditualako Euskal Eskola Publikoaren balioak: eskola euskalduna da, parte-hartzailea, barritzailea, danona eta ondorioz gizarte osoari edegia.
Zapran gagoz da Euskal Eskola Publikoaren 27. Jaiaren leloa, arrantzaleek erabilten daben esamoldea arrantzan suberte ona izaten dabenean. Irudiak be herri arrantzale bat islatu nahi izan dau kolore desbardinetako arrainakaz. Eta horrek guztiak isla dauka Lekeitioko eskola publikoan: eskola alaia eta koloretsua, gizarteari herrian errotutako kalidadezko euskal eskola publikoa eskaintzeagaz inplikauta dagoan hezkuntza-komunidadea.
Egitarauari jagokonez, hona hemen informazinoa.
Garraio publikoa eta aparkalekuak
Bizkaibusek autobus gehiago ipiniko dau Bilbo eta Durangotik. Jente asko ikastetxeetatik antolatutako autobusetan joango da eta kotxe partikularretan datozenek Lekeitioko kale zein aparkaleuetan izango dabe aukerea. Autokarabanentzako gunea be badago Arropainen.
Herri-bazkaria eskainiko da Eleizearen arkupeetan (paellea), labeldun hanburgesak eskainiko dira (GGKE batentzako izango dira irabaziak) eta bokatak hiru gunetan.
Deskantsetako gunea izango da Isuntsa hondartzearen gaineko parkean etxetik janariagaz datozenentzat.
Azken buruan, Lea-Artibaiko amankomunazgoagaz alkarlanean Garbi jokatu hondakinekin kanpaineagaz bat egin dabe antolatzaileek eta hondakinak sailkatzeko ontziak egongo dira jai-gune osoan. Herria txukun ixteko eskaria egin gura deutsegu Jaira egorriko diran lagun guztiei.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!