Balmasedan egingo da Euskal Herriko I. Cittaslow Azokea

Bizkaie! 2018-06-01 12:29   Kulturea

Bagilaren 2an, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, Cittaslow Azokea egingo da San Juan plazan.



Bagilaren 1ean eta 2an, Balmasedak harrerea egingo deutso Cittaslowren Estaduko Batzordeari eta Euskal Herriko lehenengo Cittaslow azokea antolatuko dau San Juan plazan. Azoka horretan, danetik izango da: kulturea, tradizinoa eta nortasuna.

Bagilaren 1ean, 14:00etan, ondoetorria egingo jake bertaratzen diran lagunei Balmasedako Kultur Etxean; 15:30etik 17:00etara bisitaldi gidatua izango dabe Balmasedan; eta 17:00etan harrerea egingo deutsie udaletxean, ohorezko aurresku eta guzti. Ondoren, 21:30ean, Marabaos musika taldearen zuzeneko emonaldia izango da Maiken Brewery-n.

Zapatuan, bagilaren 2an, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, Cittaslow Azokea egingo da San Juan plazan. 13:00etan, Mungiako Izenaduba Basoaren kalejirea izango da (euskal mitologiako pertsonaien desfilea). 13:30ean, Palseko arroza eta Bubióngo gozoki tipikoak probetako aukerea egongo da, eta, azkenik, 19:30ean, Begurreko cremat edari tipikoa banatuko da.

Udalerrien erakusketea San Juan plazan egongo da eta bat etorriko da Cittaslowren Estaduko Koordinazino Batzordearen batzarragaz: zapatu goizean, espainiar estaduko Cittaslow udalerrietako alkate eta zinegotziak batuko dira. 'Cittaslow bizi-kalidadearen markea indartu gura dogu', gogorarazo dau Cittaslow Bizi Kalidadearen aldeko Udalerrien Sareko presidente eta nazinoarteko presidenteorde Joan Loureirok.

Honako honeek bertan izatea espero da: Álvaro Parro, Balmasedako alkatea; Begurreko alkate eta Cittaslowren Espainiako sareko egungo presidentea, eta Francesc Pilsà, Begurreko zinegotzia; Sílvia Monar, Palseko zinegotzia eta erakundeko idazkaria estadu-mailan; Margarida Camprubí, Beguesko hirugarren alkateordea; Ager Izagirre, Mungiako alkatea; Alaitz Erkoreka, Mungiako Udaleko zinegotzia eta alkarteko diruzaina; Mari Carmen Pérez, Bubióngo alkatea; Raúl Ruiz Álvarez, Granadako Alpujarrako Udalerrien Mankomunidadeko lehen presidenteordea; Koldo Goitia, Lekeitioko alkatea; Rosa M. Pedret, erakundeko administrazino-kudeatzailea; eta Albert Costa, alkarteko kudeatzaile teknikoa.

Balmasedako alkate Álvaro Parroren berbetan: Udalerrien Sarearen erronka nagusietako bat da Cittaslow proiektua sustatzea uri-proiektu legetxe, eta, horren barruan, bizi-kalidadea eta tradizinakazko, nortasunagazko eta baliakazko maitasuna sendotzea zeharkako hainbat esparrutan, besteak beste, hezkuntzan, ingurumenean eta gizarte-aurrerabidean.


Espainiar estaduko Cittaslow sarea

Cittaslow sarea 2003an sortu zan, Palafrugell-en ekimenez. Hasiera-hasieratik, Palafrugell, Pals eta Begur lanean hasi ziran mobimentura batzeko, bizi-filosofia horregazko interesa erakutsi eben espainiar estaduko beste udalerri batzuekaz batera. Azkenik, 2008an, Mungia, Lekeitio, Rubielos de Mora, Begur eta Palsek Slow udalerrien ziurtagiri ofiziala jaso eta Cittaslow alkartea-Espainiar Estaduko Bizi Kalidadearen aldeko Udalerrien Sarea sortu zan.

Aitatutako udalerriez gan, sarean sartu dira Begues, Morella eta Balmaseda. Cittaslow mobimentua Italian jarri zan abian, 1999an, egungo bizi-erritmo frenetikoari aurre egiteko asmoz. Uri lasaien eta ondo bizitearen alde egiten dau, eta estresaren kontra burrukatzen. Bada, urte gitxitan mobimentua 5 kontinenteetara zabaldu da. Aurreikusita dago bagilean Granadako Alpujarrako Bubión udalerria eta Tenerifeko La Orotava uribildua sarean sartzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu