Sonia Gonzalezek 'barru-barrutik' idatzitako saiakerea plazaratu dau
2018-06-01 08:40 KultureaIdazlearen bizipen eta pentsamenduetatik abiatutako 128 testuren bildumea da Erreka haizea.
Liburu batzuk baditu argitaratuak Sonia Gonzalez barakaldarrak, baina, azkena, Poema amniotikoak olerki-liburua, orain dala hamahiru urtekoa da. Hortaz, luzaro itxaron behar izan dabe irakurleek bere hurrengo liburua esku artean izateko. Ganera, oraingoan saiakerea idatzi dau Gonzalezek, genero horretan egin dauen lehenengo ahaleginean. Erreka haizea (Susa) gogoetarako lana da batez be, gai ugariren ingurukoa.
Dana dala, Donostian egindako aurkezpenean, Sonia Gonzalezek ohartarazo dau Erreka haizea ez dala ohiko saiakerea, izan be, saiakera kanonikoak distantzia batetik idatzita dagoz, jazoerak kanpotik aztertuta. Bere lana, ostera, kontrakoa da, barru-barrutik idatzia dan ezkero.
Urtebete inguruan idatzitako 128 testu labur dakarz liburuak, banaka irakurteko modukoak, alkarren artean independenteak diralako. Batzuk idazleari jazotako kontuetatik abiatutakoak dira. Bere bizitzea kontau beharrean, baina, egoera personal horreek gogoetarako abiapuntutzat hartu ditu, edo gogoeten adibidetzat.
Gizartearen alderdi ilunean sartu da Gonzalez, gizartearen miseriak agirian ixteko, Susako editore Leire Lopez Ziluagaren arabera, baina pasarte argitsuagoak be badagozala ganeratu dau.
Personen arteko hartu-emonez, emakume izateaz, erlijinoaz, ama-hizkuntzaz, euskalduntasunaz eta abar egin ditu gogoetak Sonia Gonzalezek. Bildurrak be agirian dagoz Erreka haizea-n: Heriotzea eta suizidioa aitatu ditu liburuaren pasarte batzuetan. Herioa, poterea eta isilpena dira liburuaren hiru ardatzak, egilearen esanetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!