Bizimodua Txinako megauri baten (II)

Zigor Aldama 2018-05-31 12:10   Bidaide

Txinako asfaltoaren ganeko bizimoduaren alde onak eta txarrak azaltzen ahaleginduko naz.

1999. urtean, Jin Mao torreak Txina planetako bost ekonomia nagusien multzoan sartzeko balio izan eban. Ordutik Shanghaiko zerumugako etxeorratz bakotxak be balio izan dau gorunzko prozesu horretan beste pausu bat emoteko: Shanghai World Financial Center 2008an inaugurau eta mundu mailako ekonomian, Txinak brontzezko dominea kendu eutson Alemaniari; Shanghai Tower be ezin ahaztu, munduko bigarren eraikin altuena, 2013. urtean, nahitaezkoa Txina munduko bigarren indar izateko prozesuan. Gauzak holan dirala, turista txinatarrek pozarren ateraten ditue argazkiak Lujiazui parean, eraikin kolonialen parean baino marko ederragoan.

Bund ezagunetik pausu batzuk emon eta jaubetuko gara Txinan txinatar ugari dagoala, batez be, urietan, izan be, 2012tik hortxe bueltan dabiz Txinan diran 1.400 txinatarren erdiak. Landa eremutik alde egin dabenak 300 miloe lagun dira eta lan aukera piloa dago Shanghai, Pekin, Guangzhou eta Shenzhen megaurietan. Kontua da ze herritarren kopuruak mugatzeko politikak be indarrean jarri behar izan dituela; berbarako, Shanghain 2030. urtean 25 miloe lagunetik gora ez izateko konpromiso sendoa hartu dabe, gaur egun diranak baino miloe bat gehiago. Kontraesana emoten dauen arren, atzerritarrak isolatuta sentidutea normala da ze megauriko 24 miloe herritarrak zonbiak dira, eskuko telefonoaren pantailetatik begiak kentzen ez dabenak. Txina aparte dagoan mundua da arau, politika eta zerbitzu bereziak dituana; Baidu plataformea bai baina Google galarazota eta Whatsapp kasik geldi dago nahiz eta WeChat indarrean egon. Facebook, Twitter eta Instagram Harresi Handi zibernetikoaren bestaldean geratu dira baina Weibo eta QQ indarrean dagoz. Zentsureari aurre egiteko VPN software ezaguna erabilten dabe askok, trafikoa beste herrialde batzuetako zerbitzarien bitartez berbideratuz; hori bai, lekuan
lekuko zerbitzuetara egokitzea derrigorrezkoa da atzerritarrek Txinan esperientzia normalak bideratu deiezan: lekuan lekuko herritarrakazko hartu-emonak, hain zuzen. Ez da erraza lan esparrutik kanpo holako jokabideari eustea nahiz eta txinatar eta kanpotarren arteko antzekotasunak gero eta handiagoak izan. Arlo personaletan tarte zabalegia dago oraindino.

Hizkuntzearen trabeak badauka konponbidea baina hartu-emonetarako jokerak eta sano desbardinak dira. Gatx egiten jat ulertzea aisialdiari, familiari zein diruari emoten deutsien garrantzia edo esangurea. Gauza desbardinakaz disfrutetan dogu. Zarratuegiak dirala pentsetan dogu sarri baina gu geu be ez gara bolanderak botateko modukoak. Norberak aldaketa eta gorabehera txikienakqaz egin gura dau aurrera eta, azkenean, nugak geuk eregiten doguz adierazo dau Mikelek, Mondragon Taldeko beharginak. Eta ez da erraza hemengo jentearen ohitura eta jokabideetara egokitzea ze aldeak goitik beherakoak dira autortu dau.

Txinaren berezitasuna ez da ziberespazioan bakarrik emoten. Dirua ia ez da existiduten, orain dana pagetan da eskuko telefonoa erabilita. Eta smartphone zoragarri horreek be sano lagungarriak dira: Didi, taxi bat eskatzeko; Mobike eta Ofo bizikletea alokairuan hartzeko; Dianping, jatetxeetan erreserbea egiteko; Hema, supermerkatuan erosketea egiteko; eta Waimai, jatekoa etxera eroan daitsuen. Aplikazino horreetako asko txineraz baino ez dagoz baina erabilten ikasi ezkero, Europa bigarren mailan dagoala emoten dau.

Zoritxarrez, aplikazino horreetako batzuk bistan ixten ditue megaurietako makinatxu bat arazo; berbarako, airean dagozan osogai kutsagarrien piloketea erakusten dabenak dagoz baina kolore berdea gitxitan ikusten da, gehienetan, laranja eta gorria agiri dira, baita baltza be, Osasunaren Mundu Erakundeak gomendautakoa baino 200 puntutik gora, neurketa eskalatik kanpoko kutsadurea adierazoteko. Minbizi kasuak ugaldu egin dira eta ospitaleetan ez da lekurik egoten. Osasun zerbitzu unibersalik eta familia medikurik barik jentea hankaz gora dabil eta arlo pribaduan be asealdi galantak izaten dira. Landa giroko gaixoek izaten daben harreran desbardintasun handiak dagoz eta A Hirukotxa ezizenez ezagututako ospitalik onenetan be arazoak ez dira falta. Medikuak estu eta larri dabiz. Ganera, pribadutasun kontzepturik ez dago Txinan eta nahikoa normala da medikuaren konsultako atea zabalik egotea bezeroa barruan dagoanean... Gaixoek ez dabe denpora askorik emoten medikuagaz jente lar dagoalako itxaroten. Sarritan, behar barik be bardin, gaixoak botikea eroaten dau etxera eta tensinoa nabarmena da. Batzuetan, ezelako lotsa barik, gaixoak ate ondoan egoten dira barruan dagoan bezeroaren gaixoaren barri izateko. Ospitaletako beharginen kontrako indarkeria kasuak ugaldu egin dira eta gobernuak neurri zorrotzak ezarri behar izan ditu arazoari aurre egiteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu