Zeanurik San Justo Karobiari buruzko informazino-panela estreinau dau

Bizkaie! 2018-05-31 10:54   Kulturea

QR kode baten bidez, Gorbeian martxan dagozan azkenetariko karobi batean fabrikazino-prozesua ikusteko aukerea dago.

Gure arbasoek karea zelan egiten eben ikusi nahi dozu? Badakizu soroak eta baratzak ongarritzeko, izurriteen kontra eta arrautzak konserbetako be erabilten zala? Etorri San Justo Karobira, Zeanuriko Ozerinmendi auzoan; gozau aire garbiaz, eta hurreratu geure kulturara eta tradizinoetara... Dei horregaz, Gorbeia Gune Turistikoak eskualdean jarri dauen azken informazino-panela iragarten dau. Gure tradizinoak berreskuratzeko eta balioan jarteko proiektuaren barruan dago, eta aurrera eroan ahal izan da Ipizki Taldea Kultur Alkartearen, Zeanuriko Udalaren eta Otzerimendiko Kofradiaren laguntzinoari esker.

San Justo Karobia Gorbeian funtzionamenduan geratzen diran azkenetariko bat da. Harizti eder baten erdian dago, Justo eta Pastor santuen omenez eregitako baseleizearen ondoan, baita Zeanuriko Otzerimendi auzoko iturritik hur be. Frantses erako labe bat da, eta lursaileko ezponda batean egina dago. 1950. urtearen inguruan karearen industria produkzinoak alboratu egin zituen labe tradizionalak. Orain 22 urte, barriz, San Justo Karobia barriro jarri eben martxan Ipizki Taldearen lankidetzeagaz eta Juan Aranaren, azken kare-labekadea bertan egin ebanaren 4 lagunetako baten zuzendaritzapean.

Ordutik hona, abuztuaren lehenengo astegoienean, eguraldiaren baimenagaz, tradizinoa barriro biziten da San Justo erromerian, Gorbeiako jentetsuenetariko batean. Orain, ganera, posible da fabrikazino prozesua bideo baten ikustea, karobiaren ondoan jarritako informazino-panelaren bidez.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu