Domekan egingo dabe 26. Uraren Jaia
2018-05-31 08:20 KultureaFamiliei zuzendutako egitarau zabala antolatu dabe Arrigorriagako Agirre Lehendakariaren parkean.
Bizkaiko Uren Partzuergoak urtero antolatzen dau Uraren Jaia, ingurumenaren inguruko kontzientzia gizartean zabaltzeko, batez be, ume eta gaztetxuen artean. Ura zentzunez erabiltearen eta ohitura kutsagarriak alboratzearen beharra azpimarratzen dabe ospakizunaren bidez.
Aurtengo edizinoa Arrigorriagan egingo dabe, Agirre Lehendakariaren parkean, domekan, bagilaren 3an. Jarduerak goizeko 10:30ean hasiko dira, eta 15:00ak bueltan amaitu. Uraren Jaia Beteluriko araztegitik kanpo egiten dan lehenengo aldia da, baina urrunera be ez dira joan, instalazino hori Arrigorriaga kanpoaldean dago eta. Ganera, araztegiaren funtzionamendua ezagutzeko bisita gidatuak antolatuko ditue goiz guztian.
Programazinoan 40 ekintza inguru dagoz, tartean tailer didaktikoak, puzgarrien parkea, txalupak, ludotekea, ohe elastikoak eta erakusketak. Uraren Jaiaren irratiak girotuko dau ospakizuna eta hamaiketakoa be banatuko dabe.
Parte-hartzaileen erosotasuna eta segurtasuna be kontuan izan ditue antolatzaileek, batez be familiak gogoan. Batetik, edoskitzeko eta ume txikiei erropea aldatzeko eremuak ipiniko ditue. Bestetik, gaztetxuak identifiketako pultserak aukeran egongo dira, baten bat galtzen bada arin topetako. Jaigunea herrigunean dagoan ezkero, garraio publikoa erabilteko eskatu dau Uren Partzuergoak. Trena eta autobusa heltzen dira Arrigorriagara.
Egitaraua:
10:30 – Uraren Jaiaren hasierea.
10:30 – Bisita gidatuen hasierea, Beteluriko araztegian.
10:40 – Txistulari eta buruhandien kalejirea.
10:45 – Eriz Magoa.
12:00 – Ohorezko aurreskua.
12:05 – Pailazoak.
13:15 – Ameli ipuin-kontalaria.
14.15 – Dantza-dantza.
15:00 – Jaiaren amaierea.
2018/06/03 10:30-15:00
Arrigorriagako Agirre Lehendakariaren parkeanErantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!