Hogei herrialdetako lanak, El Sol publizidade jaialdian
2018-05-31 08:06 KultureaBilbon egingo dabe 33. edizinoa, maiatzaren 31n hasita.

El Sol, publizidade komunikazinoaren jaialdi iberoamerikarrak Bilbon egingo dau 33. ekitaldia, azken urteotan ohiturea izan dan legez. Maiatzaren 31n hasita eta bagilaren 2ra arte, iragarkirik irudimentsuenak ikusi ahal izango dira, eta onenei sariak emongo deutsiez. Hogei herrialdetatik etorritako 1.500 parte-hartzaile inguru egongo dira: Publizistak, agentziak eta abar.
El Sol jaialdiaren egitarauaren barruan, berbaldiek, erakustaldiek eta topaketek leku zabala izango dabe. Lehenengo egunean, esate baterako, Hoy es Marketing topaketearen hirugarren edizinoan parte hartuko dabe publizidade kanpaina arrakastatsu batzuen egileek. Horrezaz gan, tailer bi egongo dira eguenean, errealidade birtualaren eta influencer fenomenoaren ingurukoak.
Barikuan, ostera, komunikazinoan adituak diranek hainbat berbaldi emongo ditue eta eSports modalidadearen ganeko mahai-ingurua egongo da. Azkenik, zapatuan, finantza-marketinaren inguruko mahai-ingurua eta marka barritzaileen ganeko berbaldia aitatu behar dira, besteak beste.
Bestetik, 33. El Sol jaialdira aurkeztutako 1.637 lanak 16 ataletan lehiatuko dira. Film atalean aurkeztu dira gehien (220), baina Digitala eta mobikorra (153) eta Inprimidutako komunikabideak (149) ataletan be parte-hartze nabarmena dago. Aparteko atala da gazte sortzaileena eta hor 205 hautagai dagoz.
Igazko edizinoan, El Sol jaialdiaren historian lehenengo aldiz, euskerazko iragarki batek parte hartu eban. Antolatzaileek azaldu dabenez, baina, aurten ez da euskerazko bat be egongo.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!