B-Tuber egitasmoa abian jarri dabe Bilbon

Bizkaie! 2018-05-30 10:24   Kulturea

YouTuben euskerearen erabilerea zabaltzeko asmoagaz sortu da B-Tuber.

Bilboko Udalak Azkue Fundazinoagaz alkarlanean, udan dobako B-Tuber ikastaroan izena emoteko epea zabaldu dau. Ikastaroa bagilaren 25etik 28ra bitartean egingo da Euskerearen Etxean.

Youtuber izateko ikastaro honeek Bilbon erroldautako 13-16 urteko gazteentzat dira, bideoak euskeraz sortu eta editetako eta bideo horreek Youtube bidez ezagutarazo deiezan animetako. Horretarako, aste osoan zehar, Euskera eta Hezkuntza Sailak 10.000 informazino-orri baino gehiago banatuko ditu edade-tarte horretako gazteak bizi diran etxeetan, B-Tuberren alderdi ludikoa eta prestakuntzearen arloa azaltzeko eta, bide batez, proiektuan parte hartu deien animetako.

YouTuben euskerearen erabilerea zabaltzeko asmoagaz sortu da B-Tuber, izan be, Youtube da gazteek euren aisian ikus-entzunezko edukiak ikusteko, konpartiduteko eta trukatzeko gehien erabilten daben kanaletako bat. Aldi berean, ekimenean parte hartzen dabenek aukerea izango dabe YouTuben bideoak sortu, editau, produzidu eta post-produziduteko eta kanalak sortu eta kudeatzeko ezagutza teknikoak eskuratzeko.

Ikastaro hau Gabonetako oporretan egin zan lehenengoz eta izan eban erantzun ona ikusita, ikasturtea amaitu ondoren barriro antolatzea erabagi da. Beraz, bagilaren 25etik 28ra bitartean, San Inazioko Euskerearen Etxean, hiru ikastaro eskainiko dira, 8 ordukoa bakotxa, bi egunetan banatuta. Ikastaro horreek euskeraz emongo ditue.

Ane Atxutegi irakasle eta youtuber profesionalak emongo dituan ikastaroetan gai interesgarriak jorratuko dira benetako youtuber bihurtu nahi dabenentzako, esaterako: Youtuben kontu bat sortzeko urratsak; izena emotea youtubeko kanaletan, profila personalizetea, videopad programeagaz grabazinoak eta muntaiak egitea, musikea behera kargetea eta post-produkzinorako beste persona batzuen irudiak erabiltea, bisualizazino gehiago izateko estrategiak…

B-Tuber ikastaroetan izena emoteko epea zabalik egongo da bagilaren 8ra arte. Parte hartu gura izan ezkero, 13-16 urteko gazteek inprimakia bete behar dabe, ikastaroa zeintzuk egunetan egin nahi daben adierazota.

Egin eginean bere, egun eta ordu honeetan egingo dira ikastarook San Inazioko Euskerearen Etxean:

    - Bagilaren 25ean eta 26an, 09:30-13:30 (19 plaza): izena emoteko inprimakia.
    - Bagilaren 26an eta 27an, 15:30-19:30 (21 plaza): izena emoteko inprimakia.
    - Bagilaren 27an eta 28an, 09:30-13:30 (24 plaza): izena emoteko inprimakia.

Horrezaz gan, bagilaren 15etik 30era bitartean euren euskerazko bideoak bialdu leikiez info@azkuefundazioa.org helbide elektronikora, Youtuberren Lehiaketan parte hartzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu